Politika -

Polemika

Huarte eta Urmenetari domina kentzea eskatu du Nafarroako Parlamentuak

UPN eta PPN ez beste taldeek Frankismo garaian hildako 3.400 lagunei ematea eskatu dute.

Huarte eta Urmeneta domina kentzea eskatu du Parlamentuak. EiTB
Huarte eta Urmeneta
Huarte eta Urmeneta domina kentzea eskatu du Parlamentuak. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014ko Nafarroako Urrezko Domina Felix Huarteri eta Miguel Urmenetari ematea erabaki zuen joan den astean Nafarroako Gobernuak, orain 50 urte industrializazio prozesua sustatzeagatik. Erabaki hori bertan behera uzteko eskatu dio gaur Nafarroako Parlamentuak Barcinaren gobernuari, UPN eta PPN ez beste taldeen botoekin, eta sari hori Frankismo garaian hildako 3.400 lagunei ematea eskatu dute PPN kenduta gainerako oposizioko taldeek adostutako adierazpen instituzionalean.

Ikusteko dago Nafarroako Gobernuak eskakizun horri men egiten dion, baina Carlos Garcia Adanero UPNren gobernuko bozeramaileak erabakiari eutsi egingo diola aurreikusi du.

Talde gehienak, erretiratzearen alde

Eskakizuna aintzat hartu ezean, Nafarroako domina ebazten duen errege-dekretua ordezkatzeko foru-proposamena aurkeztuko duela iragarri du PSNk. Demokrazia, bakea eta elkartasuna bezalako printzipioak lege izan beharko lituzke sariak, Juan Jose Lizarbe buruzagi sozialistak azpimarratu duenez. "Urrezko Dominak Nafarroaren domina behar du izan, ez agintean dagoen gobernuarena", erantsi du.

Maiorga Ramirez Bilduren bozeramailearen aburuz, oposizioak babestutako adierazpena "nahikoa irmoa da, Nafarroako Gobernuak ezin du ez ikusiarena egin". Raminezen hitzetan, UPNren gobernuaren "probokazioa eta asmo txarra" da Urmenetari eta Huarteri saria ematea.

Tankerako adierazpenak egin ditu Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko bozeramaileak ere. Hori bai, Miguel Urmenetak saria merezi duela nabarmendu du, preso politikoen amnistia eskatzeagatik kargu politiko gabe geratu zelako.

Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramaileari "iraina" iruditu zaio golardoa Huarteri eta Urmenetari eman izana, eta "norberari garai batean bizitzea egokitu zaiola esatea" ez dela aitzakia nabarmendu du. Izan ere, argudio hori "tranpa" dela uste du.

Manu Ayerdi Geroa Baiko parlamentariak atzera egitea eskatu dio Foru Gobernuari, eta oposizioaren ekimen guztiak babestuko dituela aurreratu du.

UPN: "Politizatu egin nahi izan dute izendapena"

UPN eta PPN golardoa kentzearen aurka agertu dira. Garcia Adanero Foru Gobernuko bozeramailearen esanetan, "politizatu nahi izan dute" golardoa.

"Garai jakin batean bizi zirelako aintzatespena ukatzea argudio pobrea da", adierazi du Adanerok. Horren hitzetan, "bateragarria da estatu demokratiko batean bizitzea eta Nafarroak garai zehatz batean izan zuen eraldaketa aitortzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea