Politika -

Kataluniako prozesua

Masen formula: plebiszitua eta independentzia 18 hilabetean

Hauteskundeak egiteko datarik ez du zehaztu Kataluniako presidenteak, baina “noiz” arazorik izango ez dela ziurtatu du.

Artur Mas Generalitateko presidentea. EFE
Artur Mas Generalitateko presidentea. EFE
Hauteskundeak deitzeko baldintzak iragarri ditu Masek

4:05

David Perez/Eriz Lotina | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunian plebiszitu hauteskundeak egiteko bere proposamenak eta baldintzak azaldu ditu gaur Artur Mas Generalitateko presidenteak. Hauteskundeak deitzeko prest agertu da Mas, baina independentziaren inguruko behin betiko kontsulta izateko beti ere.

“Aurreko puntua betetzen baldin bada soilik aurreratuko ditut hauteskundeak. Gobernua aldatzeko egin nahi baldin badituzte, 2016ko amaierara arte itxarongo dugu”, ohartarazi du, hau da, legealdia bukatu arte. Presidenteak bere bide orria azaldu du Bartzelonan, 3.000 gonbidaturen aurrean.

Horrela, plebiszitua egiteko datarik ez du zehaztu buruzagiak. Masen hitzetan, hauteskunde normalak deituko lituzkete, baina “alderdi politikoek eta gizarte zibilak” plebiszitua bihurtuko dituzte ondoren. Hala ere, hauteskunde horiek egiteko baldintzak eta proposamenak mahai gainean jarri ditu agintariak. “Noiz arazo bat ez dela izango bermatu dezaket, baina lehenago gainerako puntuak konpondu behar ditugu”, adierazi du.

Besteak beste, hauteskundeetara zerrenda independentista bakarra aurkeztea proposatu du presidenteak. Zerrenda bakarra alderdi politikoetako ordezkariek, adituek eta gizarte eragileetako kideek osatzea proposatu du, gehiengo argi bat lortzeko helburuarekin.

Xedea zerrenda bakarra lortzea da. Hauteskundeetan zerrenda horrek garaipena lortuko balu Espainiako Estatuari “negoziazio formalak” eskainiko lizkiokete Kataluniako Estatu bat osatzeko.

Masen arabera, plebiszituaren osteko legealdiak urte erdiko iraupena izan beharko luke, gero bozketa berri bat deitzeko. Azken horiek “hauteskunde konstituziogileak” izango lirateke.

Zerrenda bakarraren burua ez izateko prest

“Eskuzabala” izateko prest agertu da Kataluniako presidentea. Horrela, zerrenda bakarraren zerrendaburu ez izateko prest azaldu da.

“Zerrendako burua izan naiteke, baina baita zerrenda itxi ere, aurrenekoa edo azkena izan naiteke”, gaineratu du.

“Alderdiei bazterrera pauso bat eta gizarte zibilari aurrerapauso bat emateko eskatzen badiet, baina karrera politikoari uko eginez, ni ere eskuzabala izan behar dut”, adierazi du.

Junquerasek ez du iritzirik eman

Generalitateko presidenteak aurkeztutako bide orria baloratzea baztertu du Oriol Junqueras ERCko buruzagiak momentuz. Une politikoa aztertzeko datorren astean prentsaurrekoa emango duela iragarri du Junquerasek.

“Gaur entzutera etorri gara”, esan du Junquerasek, presidentearen hitzaldia amaitu eta gero.

“Protagonista hitz egin duena da”, eta datorren astean bere txanda izango dela gaineratu du. ‘Herri berri bati deialdia: Kataluniako Errepublika’ izenburupean prentsaurrekoa emango du ERCko buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma