Politika -
Ekitaldia Donostian
Nazioarteko hainbat ordezkarik Kolonbiako prozesua babestu dute
15 ordezkarik adierazpen bat sinatu dute Donostian, bake-prozesuari babesa agertzeko.
Erredakzi
Nazioarteko hainbat ordezkarik Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko bake-prozesua babesteko adierazpen bat sinatu dute Donostian. Horretan, aldeek “aldebiko su-etenerako mekanismoak eta nazioarteko egiaztapenarekin gatazkaren humanizazio edo murriztapena bila ditzaten” espero dutela adierazi dute.
Besteak beste, hauek dira adierazpenaren sinatzaileak: Federico Mayor Zaragoza UNESCOko presidente ohia eta egun Bakearen Kultura Fundazioko presidentea, Thomas Schmidt ELDH-ko (European Association of Lawyers for Democracy & World Human Rights) presidentea, Carmen Magallon WILPF Espainiako presidentea, George Howard Ipar Irlandarako ministro ohia, Josep Maria Terricabras ALEko presidentea eta Gabi Zimmer GUE/NGLeko presidentea.
“Ziurtasunez sinesten dugu Habanako aurrerapausoak Juan Manuel Santos Presidentearen Gobernua eta FARC-EPren artean guztiz esanguratsuak direla eta garai erabakigarri bat ekarriko dutela ez soilik gatazkaren amaieraz hitz egiten den neurrian, baizik eta berau gainditzeko bake prozesu bat egotea eta garatzea beharrezkoa delako, Nazio Askapenerako Armada (ELN) barne hartu behar duena”, adierazi dute.
Horien esanetan, "zigorgabetasunaren aurrean amore ez emateko eta ardura politiko eta juridikoak onartzeko aldeen prestutasuna balioesten dugu, emandako hitza bete dadila ziurtatuko duten erreforma instituzionaletan beharrezko aldaketak gerta daitezen”.
Horren ildotik, "Euskal Herritik Kolonbiako bake prozesuari nazioarteko komunitatearen babesa helarazi nahi diogu; ahaleginei eusteko orduan laguntzen duten horiei bake elkarrizketak atzeraezinak izan daitezen, hala, aldaketa garrantzitsuetan oinarritutako behin betiko konponbide iraunkorra ziurtatuz, herri kolonbiarrak eskatu eta merezi duena justizian oinarritutako bakea eraikitzeko".
Ekitaldian, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiaren mezu bat transmititu dute (Logroño espetxean preso dago). Horretan, Kolonbiako Gobernua eta FARC "zoriondu" ditu Otegik, "ausardia, heldutasun politikoa eta erantzukizun historikoa" erakusteagatik.
Ekitaldia bukatu eta gero, Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak agerraldia egin du, eta "konfrontazio armatua" bukatzeko deia egin du, bake-prozesuaren "lehen fasea" "arrakastatsu" bukatu dela esan ahal izateko.
"Bihotzez espero dugu kolonbiarrek justizia soziala oinarri duen bake-prozesu bat eraiki ahal izatea", nabarmendu du.