Itxi

2014/12/01

08:05

Politika

Goi-bilera, Parisen

Hollandek dio ez dutela salbuespenik egingo ETAko presoekin

Erredakzioa

Hain zuzen ere, Frantziako espetxeetan dauden presoek zigorra Espainian betetzea aztertu dute.

1:00
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espainiako eta Frantziako gobernuek bilera egin dute gaur Parisen, bi estatuen arteko XXIV. goi-bileraren baitan. Espainiaren aldetik, Mariano Rajoy gobernuburuak eta zazpi ministrok hartu dute parte bertan.

Besteak beste, ETAko presoen egoera aztertu dute bi ordezkaritzek, eta, are zehatzago, Frantziako espetxeetan dauden 97 presoek zigorra Espainiako kartzeletan betetzea, Europar Batasuneko estatu kideen zigor ebazpenak aitortzeko legearen ondorioz.

Bileraren ostean, Frantziako Estatuko presidenteak esan du ez dutela salbuespenik egingo ETAko presoei emango dieten tratamenduan.

"Kartzela politika bat daukagu, bakarra, eta ez dugu bereizketarik egiten presoen izaeraren arabera", azpimarratu du Frantziako estatuburuak Eliseoan egindako agerraldian.

Norbanakoen eskariak "irizpide orokorren arabera" jorratuko omen dituzte, Frantziako Estatuak "arreta handiz" egingo baitio aurre egoerari, gaizkiulertuak saihesteko.

Frantziako espetxeetan ETAko hainbat buruzagi historiko dago; Mikel Albisu, Mikel Antza, eta Ibon Fernandez Iradi, Susper, besteak beste. Mahai gainean, 50 bat presoren izenak izango dituzte gaur bi gobernuek.

Orain arte, sei presok baino ez dute eskatu zigorra Espainiako Estatuan betetzea. Izan ere, horrek ez du bermatzen Hego Euskal Herriko edo inguruetako espetxeetara gerturatuko dituztenik.

Sakabanaketa bukatzeko eskaera gehiago

Bien bitartean, Espainiako Estatuan dauden presoek sakabanaketa politika bertan behera uzteko banakako eskaerak aurkezten jarraitzen dute, Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea helburu. Idatziak espetxeetan aurkeztu dituzte, Espetxe Epaitegi Zentralera igor ditzaten.

Presoen abokatuek "oso zail" ikusten dute Auzitegi Nazionalak eskaerak onartzea, eta auzia Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman beharko dutela esan dute.

Presoek prozesu mailakatua abiatu dute eskaerak banaka aurkezteko. Eskaera aurkezten lehenak gaixorik daudenak, 70 urte baino gehiago dituztenak edota espetxean 20 urte baino gehiago daramatzatenak izan dira. Ondoren, gainerakoek egingo dute.

Europa Press agentziak zehaztu duenez, presoek ez dute erantzunik jaso oraingoz.

Eusko Jaurlaritzaren plana

Asteburu honetan, Eusko Jaurlaritzak "espetxe zuzenbidea normalizatzeko" 20 proposamen aurkeztu ditu.

Besteak beste, espetxe eskuduntza Euskadira transferitzea, presoak hurbiltzea eta "Langraitz bidea" hautatu duten presoen aurrean agertutako konpromisoei "erantzuna ematea" proposatu du Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak.

Bake eta Bizikidetza Planaren eta Hitzeman programaren baitan egin ditu proposamenak Jaurlaritzak.

Sarek txalotu egin du egitasmoa

Sare euskal presoen eskubideen aldeko herritar plataformak Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkaritzarekin eta beste erakunde batzuekin lan egitearen alde agertu da, aipatu presoen eskubideen alde "helburu komunak" adosteko.

Prentsa-agiri batean, Sarek begi onez jo du "Zuzen Bidean" izeneko egitasmoa, presoen Euskal Herriratzea, 70 urtetik gorako presoen behin behineko askatasuna eta 'Langraitz Bidearen' irtenbidea bilatzen duen egitasmoari.

Sarerentzat "oso positiboa" da Jaurlaritzak lehentasunen artean kokatzea presoen "oinarrizko eskubideen urraketei" aurre egitea, baina helburuak eztabaidatzeko eta adosteko prozedura bat eskatu du.

Herritar plataformak Bake eta Bizikidetza idazkaritzarekin elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu du, baina "betiere", aurretik "helburu komunak" adostuz gero.

Helburu horien artean kokatuko luke Sarek nazioarteko auzitegietara jotzea, Espainiako eta Frantziako estatuek "Europako araudiak eta estatuetakoak urratzen jarrai ez dezaten".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;