Politika -
Jaurlaritzaren soziometroa
EAEko herritarren % 51k kontsulta nahi dute, Madrilek baimendu edo ez
Beste % 23k Espainiako Gobernuarekin akordioa badago baino ez dute nahi kontsulta, eta % 6 guztiz aurka daude.
David Perez | eitb.eus
EAEko herritar gehienek Espainiarekiko harremanari buruzko kontsulta bat nahi dute, Espainiako Gobernuarekin akordioa egon edo ez egon, Eusko Jaurlaritzaren abenduko soziometroaren arabera.
Hain zuzen ere, galdetutakoen % 51k "edozein kasutan" nahi dute kontsulta egitea, eta % 23k, Espainiako Gobernuarekin akordioa badago baino ez. % 6 aurka daude, eta % 10ek ez dute erantzun.
Gehiengoa are zabalagoa da EAEko etorkizuna EAEko herritarrek eurek erabaki behar dutela uste dutenen artean. % 69 dira; beste % 24 erabakia Espainiako Estatuko biztanle guztien artean hartzearen aldekoak dira.
Gainera, lehen aldiz, independentziaren aldekoak gehiengo direla erakusten du inkestak. Horren ildotik, % 35ek Espainiatik bereiztea babesten dute, % 33k Espainian jarraitzea nahiago dute, eta % 20k testuinguruaren arabera hartuko lukete erabakia.
Espainiako Gobernuak onartutako erreferendum bat deituz gero, independentziaren aldekoen eta aurkakoen arteko aldea handiagoa izango litzateke. Izan ere, % 39k independentziaren alde bozkatuko lukete, % 29k aurka eta % 12 abstenitu egingo lirateke.
Oro har, EAEko herritarren % 72k Espainiako Konstituzioa erreformatzea nahi dute, lurraldeek Espainiako Estatuarekin zer-nolako harreman mota nahi duten erabakitzeko eskubidea gaineratzeko.