Politika -
Eusko Legebiltzarra
Urkulluk EH Bilduri: 'Zain gaituzue, denon artean bakea josteko'
Urkulluk berretsi egin du euskal gizarteak Legebiltzarretik irtendako estatus politiko berriaren proposamena bozkatuko duela, eta emaitza hori onartuko dutela.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du ostiral honetan EH Bilduren ‘’zain’’ daudela, alderdi guztien artean ‘’bakea eta elkarbizitza josi’’ ahal izateko. Halaber, berretsi egin du euskal gizarteak Legebiltzarretik irtendako estatus politiko berriaren proposamena bozkatuko duela, eta emaitza onartuko dutela. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin ditu adierazpenak lehendakariak, bi urteko gobernu jardunaren inguruko balantzean.
Marian Beitialarraingoitia EH Bilduko legebiltzarkideak interpelazioa egin dio, eta bertan esan du lehendakariak ez dituela gainditu legegintzaldi hasieran jarritako hiru ildoak: Bakea eta elkarbizitza, estatus berria eta susperraldi ekonomikoa.
Hala, bakegintza mailan, ‘’diskrezioaren aukerari heltzea’’ eta ‘’mezulari hutsa’’ egotzi dio, ‘’immobilismoa ezkutatzeko’’. Halaber, erabakitzeko eskubideari bizkarra ematea leporatu dio Urkulluru, ‘’inoiz irekiko ez den atean jotzean tematu delako, euskal bideari jarraitu ordez’’.
Horri erantzunez, Urkulluk azpimarratu du bi urte hauetan hartutako hiru konpromisoetan aurrera egin duela bere gobernuak, eta ‘Bake eta Elkarbizitza Plana’ betetzen ari direla.
‘’Bakea eta elkarbizitza josi egin behar dira. Zuen zain gaude (EH Bilduri zuzenduta). Indarkeriak lekurik ez duen gizarte bat lortzeko esperantzari eta ilusioari eusten diogu’’, gaineratu du.
Estatus politiko berriaren harian, lehendakariak berretsi egin du euskal gizarteak Eusko Legebiltzarretik irtendako estatus politiko berriaren proposamena bozkatuko duela, eta emaitza onartuko dutela. "Egoerari behar behar bezala erantzuten jakingo dugu, negoziatzen eta akordioak lortzen. Lehendakari moduan, ez dut inolako aurreiritzirik emaitzaren inguruan. Akordiorako oinarriak jartzea dagokit. Orain arte izan ez dugun aukera da, eta baliteke gehiago ez izatea’’, ohartarazi du.
220 kasu argitu gabe
Halaber, lehendakariak Espainiako Barne Ministerioari dei egin dio, argitu gabe dauden 220 terrorismo hilketatan ‘’elkarlanean’’ aritzeko,
Gorka Maneiro UPyD alderdiko legebiltzarkideak egindako interpelazioari erantzunez, Urkulluk gogoratu du aurkeztu berri duten txostenaren arabera 220 direla argitu gabeko kasuan (horietatik 197 ETArenak).
Txosten horretan azaltzen denez, ‘’Barne Ministerioak ez du ikerketan kolaboratzeko asmorik agertu’’ Horrez gain, ez dute Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren eta ‘’zenbait ministerioren’’ laguntza izan, egileek adierazi dutenez.
Ekonomia
Bestalde, lehendakariak esan Euskadiko susperraldi ekonomikoan ‘’kofiantza’’ izateko arrazoiak egon badaudela, EAEko ekoizpen sistemak ‘’oinarri sendoak’’ dituelako.
Marian Beitialarrangoitiak ekonomia mailan ere kritikatu du Urkulluren jarrera, ‘’immobilismo’’ eta ‘’eraginkortasun eza’’ egotzita.
Urkulluk, bestalde, erantzun egin dio aurreikusitako jarduera guztiak martxan jarri dituztela eta, ildo horretan. EH Bilduri gogoratu dio EAJk erantzukizun hori bere gain hartu zuela, ‘’EH Bilduri koalizio gobernua osatzeko aukera eskaini ostean ere’’.