Politika -

Nafarroa

Chivitek alderdi batu, indartsu eta parte-hartzaile baten alde egin du

Pedro Sanchezek itxi du arratsaldean Kongresua eta sozialistek Espainia eta Nafarroa aldatuko dituztela adierazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite PSNko idazkari nagusi berriak alderdi indartsu, batu, moderno eta parte-hartzaile baten aldeko apustua egin du. Gainera, PSN gehiengo sozialaren erreferente izango den alderdia izatea nahi du.

"Guztion ahaleginarekin eta denborarekin, nafarren erreferente izatera itzuliko gara. Proiektu batekin, indarrarekin eta batasunarekin sozialistok Nafarroako irabaziko dugu eta foru erkidegoa modernizatuko dugu, berriz ere", adierazi du Chivitek idazkari nagusi izendatu ondorengo hitzaldian. Maria Chivitek gaur hartu du ofizialki Roberto Jimenezen lekukoa PSNren buruzagitzan.

PSNko idazkari nagusi berriak hunkituta hartu du kargua eta, bere lehen hitzetan, PSNko orain arteko zuzendaritza gogoan izan du; zeinari eskerrak eman dizkio parte-hartzearen eta hauteskunde primarioren alde egiteagatik. Alderdiaren gidaritza une zailean hartzen duenaren jakitun dela adierazi du, baina gogoz eta duen guztia emateko prest dagoela azpimarratu du: "Dudan guztia emango dut proiektu honen alde", bermatu du.

Ildo horretan, gaurko eguna alderdiarentzat garai berri baten hasiera dela adierazi du eta Nafarroarentzat ere horrela izatea espero duela gaineratu du.

Bere agintaldian, parte-hartzea "zeharkakoa" izango dela berretsi du eta gai garrantzitsuen inguruan militanteei galdetuko diela bermatu du.

Maria Chivite PSOEk Senatuan duen bozeramalea PSNko idazkari nagusi izendatu dute alderdiak Iruñean gaur egindako Ezohiko Batzordean.

Chivite PSNko hautagai bakarra aukeratu zuten urrian egindako primarioetan eta, oraingoan, ez da bozketarik izan, aurkeztutako hautagaitza bakarra delako.

Nafarroako senatariak Roberto Jimenezen lekukotza hartu du, azken horrek 2008ko ekainetik hona alderdiaren buru izan eta gero. Orain, Jimenez PSOEren Emigrazio idazkaria da.

Batzordean, Jimenez, Patxi Lopez Ekintza Politiko eta Hiritar Ekintzako idazkaria eta Sergio Sierra Nafarroako Gazte Sozialisten idazkari nagusia izan dira, besteak beste. Batzordea arratsaldean bukatu da, Pedro Sanchezen hitzaldiarekin.

Pedro Sanchezek Maria Chivite goraipatu du

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak azpimarratu du Maria Chivite bozeramaile bikaina dela Senatuan eta nabarmendu du, Maria Chivite Nafarroako presidente denean eta bera, Espainiako presidente, ez dituela Nafarroako Foru Legeak errekurrituko "PPk egiten duen bezala".

"Espainia eta Nafarroa aldatuko ditugu" adierazi du Sanchezek. Bestalde, PSNz oso harro mintzatu da "behin eta berriz, erantzukizuna eta nafarren interesa beste iritzien gainetik jartzen asmatu duelako".

Patxi Lopezek Podemos kritikatu du

Lopezek Podemosek “eskaintzan” duen hauteskunde-programa kritikatu du, “egunez egun merkatzen” dutelako.

Lopezek, Biltzarraren hasiera ekitaldian, “ur bizietan arrantzan” egiten dutenen jarrera kritikatu du, esaterako, Podemosena, Europako hauteskundeetan aurkeztutako programa dageneko ez dutelako bete, Lopezen iritzian.

“Zentzu horretan ez dira fidagarriak”, esan du Lopezek. Gainera, “muturreko independentismoa” ere kritikatu, “paradisua promesten” dutelako “gizarte katalanaren, nafarraren, espainiarraren edo euskal gizartearen izaera haustearen truke”.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroako Alderdi Nafarroako albisteak Alderdi politikoak albisteak