Politika -
Aurkezpena, Bilbon
EH Bilduk legealdian garatutako 40 proiektu jaso ditu bere webgunean
Gainera, egindako proiektu horiek erakusketa ibiltari batean izango dira ikusgai herriz herri, datozen asteetan.
Erredakzioa
EH Biduk “Lortzen Hari Garena” ekimena aurkeztu du gaur, igandea Bilbon. Horren bidez, azken legealdian Nafarroan eta EAEn garatutako 40 proiektu batu dituzte; webgunean ikusgai jarri dute, baita datozen asteetan herriz herri egingo duten erakusketa ibiltari batean ere.
Bilbon egindako prentsaurreko batean, Aitziber Ibaibarriaga Bilboko alkategaiak eta Kike Fernandez de Pinedo Gasteizkoak “justizia sozialean eta herri ekimenean” oinarritutako proiektua aurkeztu dute, “EAJ, UPN eta PPren murrizketen, itzalen eta ezberdintasun sozialen” ereduaren aurrean.
Aurkeztutako proiektuek “oso ondo ordezkatzen” dute EH Bilduk defendatzen duen proiektua, eta “justizia soziala, ekologia, feminismoa, euskara, kultura, auzolana, parte hartzea eta gardentasuna” kontzeptuen ikuspegitik sailkatzen dute.
Ekimenaren bidez, koalizio abertzaleak “eraikitzen” ari dena erakutsi nahi du, alegia: “Eskubide guztien defentsa, pertsona guztien arteko berdintasuna, behetik gora hartutako erabakiak, sektore publikoaren babesa eta irmotzea eta herritarren parte-hartze zuzena erabakietan”.