Politika -
Pandora auzia
Anarkismoaren aurkako operazioak 11 atxilotu utzi ditu Katalunian
Lehergailuz atentatuak egitea leporatzen diete atxilotuei. Katalunian eta Madrilen hainbat lagun atxilotu dituzte, ustez ekintza terroristak egiteagatik.
Erredakzioa
11 pertsona atxilotu dituzte astearte honetan Katalunian eta Madrilen, ustez lehergailuak erabilita atentatuak egin izan dituen talde anarkista bateko kide izatea egotzita. Guztira, zazpi emakume eta lau gizon atxilotu dituzte, denak 31 eta 36 urte bitartekoak. Horietatik zortzi Bartzelonan atxilotu dituzte, beste bat Manresan, beste bat Sabadellen eta azkena Madrilen.
Kataluniako Poliziak ohar batean azaldu duenez, Auzitegi Nazionalaren aginduz jarri dute martxan Pandora auzia.
Mossoek hainbat etxebizitza eta lokal arakatu dituzte bart, eraikin okupatuak tartean. Madrilgo Erkidegoan ere egin dituzte miaketak eta Poliziak 37 urteko gizonezko bat atxilotu du. Hala ere, Kasa de la Muntanya eraikin okupatua izan da operazio horretako protagonista.
Mossoen arabera, 05:00etan hasi dute miaketa, eta hainbat ordu eman dituzte bertan. Guell parketik gertuko errepide eta kaleak itxi egin ditu Poliziak.
Ikerketako iturriek azaldu dutenez, poliziek ordenagailuak, mugikorrak eta koadernoak atzeman dituzte etxe okupatu horretan.
Beste hamar bat lokal eta etxebizitza ere miatu dituzte.