Politika -

Bide seinaleak

Nafarroako Gobernuak Gipuzkoako seinaleen aurkako helegitea jarriko du

Foru Gobernuaren iritziz, 'Euskal Herria-Basque Country' markako seinaleak jarrita, Diputazioak errealitatea instituzionala desitxuratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak horrelako hainbat bide seinale jarri ditu errepideetan. Artxiboa: EFE
Gipuzkoako Foru Aldundiak horrelako hainbat bide seinale jarri ditu errepideetan. Artxiboa: EFE
Gipuzkoako Foru Aldundiak horrelako hainbat bide seinale jarri ditu errepideetan. Artxiboa: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak helegite bat aurkeztuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko errepideetan jarritako bide seinaleen kontra.

Atzo, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak "Euskal Herria-Basque Country" markako bide seinaleak "legezkoak" direla berretsi ondotik etorri da Foru Gobernuaren erabakia.

Larraitz Ugartek azaldu zuenez, Diputazioa ez da gaia auzitegietara eramatearen beldur, "erabaki legezkoa" delako. Are gehiago, errealitate sozio-kulturala islatzen duela, gipuzkoar gehienen borondateari erantzuten diola eta ez dela batere iraingarria azpimarratu zuen.

Foru Gobernuaren iritziz, ordea, Nafarroako armarria eta lurraldeko zenbait toki barne hartzen dituen bide seinaleekin, Nafarroako errealitate instituzionala desitxuratu nahi izan du.

Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernu bozeramailearen esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak gehiegikeriaz jokatu du eta "ez dagokion zilegitasuna bere gain hartu du".

Hori dela eta, Yolanda Barcinaren Gobernuak helegitea aurkeztuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta, epaitegiak gaia ebatzi bitartean, behin-behinean bide seinale horiek ezkutatzeko edo gordetzeko eskatuko du; bereziki, AP-15an jarrita dagoena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Nafarroako Gobernua berriak