Politika -
Diputatuen Kongresua
Presoen baimenen kontra biktimek helegiteak jartzea onartu dute
Diputatuen Kongresuak Biktimen Estatutua onartu du eta, bertan jasotzen denez, errekurtsoa jarri ahalko dute presoen baimenen eta baldintzapeko askatasunen kontra.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak biktimen estatutua onartu du asteazken honetan eta, bertan jasotzen denez, biktimek errekurtsoa jarri ahalko dute presoen baimenen eta baldintzapeko askatasunen kontra.
Oposizioak, ordea, baztertu egin du neurria, eta presoen ‘’birgizarteratzearen kontra’’ doala eta ‘’mendekua sustatzen’’ duela salatu dute hainbat taldek.
Onartutako testuaren arabera, biktimek helegitea jarri ahalko dute presoen baldintzapeko askatasunaren, baimenen eta espetxe-onuren kontra. Halaber, auzia artxibatzearen kontra ere errekurtsoa jarri ahalko dute, auzian akusazio gisa azaldu ez badira ere.
Horrez gain, biktimak bere iritzia plazaratu ahal izango du epaileak auziaren inguruan ebazpenik kaleratu aurretik, eta horiengana joko du epaileak, alegaziorik egin nahi ote duten jakiteko.
PPren eta UPyDren babesa
Biktimaren Estatutuaren alderdien gehiengoaz onartu dute Kongresuko Justizia Batzordean; baina, biktimei helegitea jartzeko aukera ematen dien artikulu zehatzak PPren eta UPyDren babesa baino ez du jaso.
Izan ere, artikulu hori bananduta bozkatu dute gaurko saioan. Hain zuzen ere, estatutuaren 13. artikuluak piztu du desadostasuna, hainbat talderen hitzetan ‘’legez kanpokoa’’ eta ‘’aberrantea’’ da.
Hainbat taldek salatu dutenez ‘’urrunegi’’ darama biktimek erabakietan izan dezaketen parte-hartzeko aukera. Proiektua Senatura igorriko dute orain, eta litekeena da 2015eako lehen asteetan onartzea bertan