Politika -
Bakegintza
Iraganeko tragediak gogoan izango dituela ohartarazi dio PSEk Sorturi
Ezker abertzalearekin lor ditzaketen balizko akordioen aurrean, Idoia Mendiak esan du sozialistek errezeloz begiratzen dietela, duela gutxira arte, kale borroka ekintzak txalotzen zituztenei.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Sorturi ohartarazi dio euskal sozialisten diotela "iraganeko tragediak" gogoratzeari muzin egin, etorkizuneko balizko akordioen aurrean.
Portugaleten, bertako talde sozialistak 100 urte bete dituela eta egindako ospakizunean, Idoia Mendiak esan du sozialistek errezeloz begiratzen dietela, duela gutxira arte, "molotov koktelak botatzen zituztenak txalotzen zituztenei". Hori dela eta, "egindakoak zentzurik ez zuela aitortzea" hain zaila den galdetu dio Idoia Mendiak ezker abertzaleari. Gaurko ekitaldian izan dira Idoia Mendiaz gain, Mikel Torres Portugaleteko alkate eta Bizkaiko sozialisten idazkari nagusia, eta Patxi Lopez PSOEko Harreman Politikoetarako idazkari nagusia.
Mendiak ondorengo ohartarazpena egin dio ezker abertzaleari: "balizko akordio baten aurrean, PSE-EEk ez dio uko egin iraganeko tragediak gogoratzeari eta ez du baimenduko hitzak moldatzea, harik eta, esanahirik gabe gelditzen diren arte.
"Ez dugu hitzen esanahia moldatzea nahi. Sortuk gurekin elkartu nahi badu, memoriaren eta elkarbizitzaren esparruan gurekin pausoak eman nahi baditu, badaki gure printzipioak zein diren", azaldu du. "Lasterbideak bilatu nahian, hitzekin jolasteari utzi behar dio ezker abertzaleak", gaineratu du.
Bestalde, buruzagi sozialistak gogoan izan ditu Maite Torrano eta Felix Peña sozialistak, hain zuzen ere, ETAk duela 27 urte Portugaleten hil zituenak.