Politika -
Elkarrizketa EAJren webgunean
Gipuzkoan goitik beherako aldaketa ezinbestekoa da, Egibarren hitzetan
EAJk lurralde horretako industria ‘’erreskatatu’’ nahi du, ‘’ezker abertzaleak erabat abandonatuta izan duelako’’.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak uste du ezinbestekoa dela "Gipuzkoan goitik beherako aldaketa eragitea", lau urte hauetan EH Bilduk ''blokeoa, atzerapena eta inposaketa'' bultzatu baititu erakundeetan. Halaber, Gipuzkoako industria ‘’erreskatatu’’ beharra azpimarratu du, ‘’ezker abertzaleak erabat abandonatuta izan duelako’’.
EAJren webgunean kaleratutako elkarrizketa batean, Egibarrek esan du Gipuzkoak aldaketa sakona behar duela. ‘’Bildu ia lau urtez Aldundian eta udal gehienetan egoteak blokeoa, atzerapena, samina eta inposizioa eragin ditu. Baina, nahiz eta Bildu egon, Gipuzkoa aurrera egiten ari da. Gipuzkoarren indarra Bilduren blokeoa eta inposizioa baino indartsuagoa da’’, adierazi du.
GBBko presidentearen aburuz, ‘’ezker abertzalea bere garapen politikoa eta gipuzkoarren beharrak nahasten ari da. Eta nahita egiten du, inposatu egin nahi duelako’’.
Egibarrek defendatu duenez, ‘’hiru hamarkadetan erakunde gehienen ardura izan ondoren, EAJk sinesgarritasuna eta gestio onaren bermea eskaintzen dizkio Gipuzkoari. Baina hori ez da nahikoa. Gaur egun, politikak berrikuntza behar du; erronkei ausardiaz erantzun, eta politikak arazoak konpondu eta egoerak aldatzeko daukan ahalmena baliatzea'', gaineratu du.
Indarkeriaren kultura
Egibarrek salatu duenez, ‘’ETAren indarkeria zegoen urteetan garatu du ezker abertzaleak bere proiektu politikoa. Eta indarkeriaren kulturaren eragina ezker abertzalearen politika egiteko moduetan nabaritzen da. Izan ere, inposiziorako joera handia dauka. Ondorioz, politika egiteko moduetan eta edukietan ikus daitezke ezker abertzalea eta gure artean dauden desberdintasunak’.
Egibarrek gaineratu du EAJ ''inposiziotik eta totalitarismotik urrun’’ dagoela, eta ‘’elkarrizketaren, lankidetzaren, gardentasunaren eta zintzotasunaren aldeko apustua’’ egiten duela.