Politika -
PSE-EE
Arriola: 'EAJk Bilduri egindako kritikek ez dute sinesgarritasunik'
Bestalde, Denis Itxaso hautagaiak azpimarratu du aldaketa ez dela ‘’Olano bat kentzea beste bat jartzeko’’.
Erredakzioa
Iñaki Arriola PSE-EEko hautagaiak igande honetan esan du EAJk egun mahai gainean jartzen dituen kritikek eta jarrerek ez dutela inolako sinesgarritasunik, eta Gipuzkoan aldaketak sozialisten eskutik etorriko dela.
Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundirako sozialisten hautagaiarekin batera Urnietan izan da Arriola. Han aitortu egin du aurtengoa urte zaila izan dela, ‘’ekonomia mailan eta orokorrean’’; hala ere, ‘’2015a esperantzarako urtea’’ izango dela aurreratu du.
Horri lotuta, datorren urteko hauteskundeak izan ditu hizpide, eta ‘’Gipuzkoa hobea posible’’ dela defendatu du.
Adierazpen horietan, EAJren jarrera kritikatu du Arriolak, eta esan du jeltzaleen esku egon izan dela etengabe Gipuzkoan gauzak aldatzeko aukera.
‘’Ez da onargarria jeltzaleak orain aldaketaren banderadun gisa aurkeztea beren burua, ia lau urtez aldaketarako erantzukizuna beren gain hartu ez dutenean’’, esan du Arriolak.
Bestalde, Denis Itxaso hautagaiak azpimarratu du aldaketa ez dela ‘’Olano bat kentzea beste bat jartzeko’’.