Politika -

Arartekoa

EAJk, PSEk eta PPk begi onez ikusten dute Lezertuaren proposamena

EH Bilduk, bere aldetik, errezeloak agertu ditu; izan ere, Iñigo Lamarcaren balizko ordezkoak ezker abertzalearen ilegalizazioaren aldeko adierazpenak ditu eginda.

PNV, PSE eta PP Lezertua Ararteko izendatzearen alde

3:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ, PSE eta PP pozik azaldu dira Manu Lezertua juristaren balizko Ararteko berria izateko proposamenarekin. EH Bildu, ordea, bere errezeloak agertu ditu; izan ere, Iñigo Lamarcaren lekua har lezakeen hautagaiak ezker abertzalearen ilegalizazioaren aldeko adierazpenak ditu eginda.

Arartekoaren izendapena Legebiltzarrak onartu behar du, eta gehiengoak hiru bostenekoa izan behar du; hau da, 45 boto behar ditu. Lezertuaren izena EAJk proposatu zion PSEri, izendatzea burutzeko beharrezkoa den babesa lortzeko negoziatzen hasi zirenean.

Radio Euskadiko "El Parlamento de las Ondas"

Radio Euskadiko "El Parlamento de las Ondas" solasaldian, EAJko Joseba Egibarrek deitoratu du bere alderdiak proposatutako izena ezkutuan eman izana, -"baldintza guztiak betetzen dituen hautagaia dela uste dugu"-; izan ere, aldez aurretik egin beharreko lana zuhurtziaz egin nahi zuten.

PSEko Txarli Prietoren iritziz, Lezertuak "prestakuntza, ibilbidea eta ahalmena ditu, hautagai ona izan liteke"; PPko Borja Semperrek, bitartean, Lezertuaren profila "posturako egoki-egokia" dela nabarmendu du.

Dena dela, Semperrek esan du PPren iritziz Araratekoa, erakunde gisa, "karguan nor dagoen alde batera utzita", hausnarketa bat behar duela, "bere egitura eta aurrekontuaren gainekoa, garai hauetara egokitzeko".

EH Bilduren errezeloak

EH Bilduko Iker Casanovak azaldu du bere taldeak ez duela erabakirik hartu Lezertuaren hautagaitzaren gainean. Onartu du "ematen duela" baldintza teknikoak betetzen dituela, Arartekoa izateko; baina nabarmendu du atera direla adierazpen batzuk "ezker abertzalearen ilegalizazioa justifikatzen zutenak; agian, ez da egokiena adostasuna behar duen Arartekoa bezalako erakunde bat zuzentzeko, baina aztertuko dugu".

Casanovak, halaber, eta PPk bezala, ohartarazi du izendapenak hausnarketa batekin egin beharko litzatekeela, "erakundearen lanen, betebeharren eta kostuaren gaineko hausnarketa bat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Alderdi Popularra Arartekoa EH Bildu Araba PSE-EE berriak