Politika -
Neguko Unibertsitatea
Sortuk 'gogoeta kritikoa sustatzeko' eskola eratu du
Iratzar Fundazioa Sortuk bultzatu du, eta horren ardatza “ideien lehia izango da (…) Euskal Herria aske, sozialista, independiente, euskaldun eta feminista lortzeko estrategiaren zerbitzura.
Erredakzioa
Sortuk iragarri du “gogoeta kritikoa sustatzeko eskola politikoa” sortu duela, militanteen “hezkuntzan” sakontzeko, eta euskal gizartearen “politizazioan eragiteko” asmoarekin.
Floren Aoiz Iratzar Fundazioaren (Sortuk egindakoa) zuzendariak eta Amaia Izko alderdiaren bozeramaleak eman dute ekimen honen berri, Donostian egindako prentsaurreko batean.
Aoizen arabera, eskola politiko honen bidez, Sortuk “gogoeta eta prestakuntza politiko kolektiboa sustatu” nahi du, “ikastaroen, solasaldien eta bestelako ekintzen” bidez; lehenengoa “neguko unibertsitatea” antolatzea izango da, bi helbururekin: batetik, militanteei zuzendutako “barne” helburua izango du eta, bestetik, hiritarrei zabalduko zaie, “mahainguruan eta hitzaldietan” parte hartuz.
Neguko Unibertsitate honen lehenengo edizioa “Eta Euskal Herria, zer?” tituluarekin aurkeztu dute, eta asmoa da urteroko jarduera izatea.
“Munduan gertatzen ari dena aztertu nahi dugu -esan du Aoizek- bai bere osotasunean aintzat hartuta, bai inguruan gertatzen zaiguna kontuan hartuta. Horren ildotik, gure buruari galdetu nahi dugu zein eredu nahi dugun Euskal Herrirako, testuinguru horretan, neoliberalismoaren erasoen, demokraziaren gaineko eztabaidaren, eredu sozioekonomikoen eztabaidaren, eta burujabetasunaren gaineko lehiaren aurrean”.
Neguko Unibertsitatea urtarrilaren 26tik otsailaren 28ra bitartean egitekoa da, Hegoaldeko lau hiriburuetan, hiru ataletan banatuta.
“Estatu espainiarraren krisi egoeraren analisi kritikoaa” eta “estaturik gabeko herriek panorama horren aurrean egin dezaketenaz” arituko dira lehenengoan. Bigarren atalean, halaber, “ezkerraren egoeraren” inugurukoa izango da eta, hirugarrenean, “euskal bidea” aztertuko dute, euskal herritarrek euren “etorkizunaren jabe” izatea lortzeko asmoz, Kataluniako eta Eskoziako esperientzietatik ikasita.