Politika -

Atxiloketak

Hiru lagun atxilotu dituzte Iruñean, presoen aldeko ekintza batean

Hiru gazteei desordena publikoa leporatu diete, Iruñea erdigunean errepidea moztu omen dutela eta. Sortuk salatu du protesta baketsuak “kriminalizatu” nahian ari direla.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak hiru gazte atxilotu ditu gaur goizean, euskal presoen aldeko ekintza batean parte hartzen ari zirela; Iruñea erdigunean, Labriteko Aldapan, errepidea moztu dute aulki hutsak jarrita.

Hiru atxilotuak komisariara eraman dituzte eta desordena publikoa leporatu diete, EFE agentziak Poliziaren iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Sortuk, agiri baten bitartez, atxiloketak salatu ditu: “Iruñeko gazteriaren protesta baketsuak kriminalizatu nahi dituzte”.

“Espainiako Poliziak gazteria borrokalaria beldurrarazi nahi du”, erantsi du alderdi independentistak.

Sortuk bere egin du “euskal preso politikoen aldeko aldarrikapena” eta kolektibo horri ezarritako “salbuespeneko neurriak” gogor kritikatu ditu.

“Salbuespen neurriak amaitu behar dira eta presoak Euskal Herrian ahalik eta azkarren egoteko lanean jarraituko dugu”, azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Presoak argazkiak