Politika -
Ekintza
Presoak euskal herriratzea aldarrikatu dute Madrilgo kanpaikadetan
Presoak hurbiltzeko ikurra islatu dute gauerdian Puerta del Sol plazako erlojuaren ondoan.
EITB.EUS
Presoak Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapena Madrilgo Puerta del Soleko kanpaikadetara eraman du ekintzaile talde batek. Hala, laser bidez aldarrikapen hori irudikatzen duen ikurra (Euskal Herriko mapa bat, bi gezirekin) islatu dute Correoseko Etxean dagoen erlojuaren ondoan, urte aldaketako kanpaikadak jotzen ari ziren unean.
Espainiar Estatuko telebista kate nagusiek eman dituzte irudiak, milioika lagunek jarraitu ohi duten emankizunean, ikurraren inguruko aipamenik egin ez badute ere.
Ekintza honen arduradunek ekimenaren making of-a jasotzen duen bideoa eskegi dute Youtuben, eta ohar baten bidez, aldarrikapenaren nondik norakoak azaldu dituzte. Agertu dutenez, "ekimen baketsu eta desobediente honen bidez, euskal presoek estatu espainiarreko eta frantseseko espetxeetan jasaten duten eskubide urraketa salatu" nahi izan dute. Gaixo dauden presoen egoeraz ohartarazteaz gain, "bakean lagunduko duen espetxe politika bat" aldarrikatu dute.
Hain justu, sindikatuei eta erakunde politiko eta sozialei dei egin diete "aldarrikapen hauek bere egiteko" eta "oinarrizko eskubideak urratzen dituen espetxe politika hau aldatzeko".