Politika -
Prentsaurrekoa Bilbon
EPPK-ko bitartekari taldeko kideak aske uzteko eskatu dute Bilbon
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Bitartekari Taldeko kide guztiak "berehala aske uzteko" eskatu dute senitartekoek eta lagunek, "deliturik egin ez dutelako".
Erredakzioa
Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuen "isolamendu egoera" amaitzeko exijitu dute larunbat honetan Bilbon Zuluetaren senitartekoek eta lagunek. Gainera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Bitartekari Taldeko kide guztiak "berehala aske uzteko" ere eskatu dute, "deliturik egin ez dutelako".
Joan den urtarrilaren 8an Arantza Zulueta, Aintzane Orkolaga, Mikel Almandoz, Asier Aranguren, Egoitz Lopez de la Calle, Jon Enparantza eta Jose Campo atxilotu zituen Guardia Zibilak, EPPKren Bitartekari Taldearen aurkako operazio batean.
Prentsaurrekoaren antolatzaileek salatu dutenez, taldea osatzen duten lagunek "egoera latza" bizi dute, eta egoera are larriagoa da Jon Enparantzaren eta Arantza Zuluetaren kasuan, "erabateko isolamendu egoeran urtebete eman dutelako".
"Isolamendu egoeran mantentzea Espainiako Gobernuaren mendekua da. Ankerkeria horri tortura deitzea baino ez dago, egunero pairatu behar duten tortura, hain zuzen ere", ohartarazi dute.
Halaber, Bitartekari Taldearen asmoa azpimarratu dute, hala nola, "euskal preso politikoen kolektiboaren hausnarketak eragile sozialen eta politikoen artean zabaltzea, Foro Soziala bezalako guneetan gogoeta horiek jakitera emateko".
"Hori dela eta, taldeak bilerak egin zituen alderdi politikoekin, sindikatuekin eta hainbat eragile sozialekin, baita bakearen aldeko borrokan aditu diren zenbait lagunekin ere. Hori izan zen haien delitua", adierazi dute. Hortaz, "berehala aske uzteko" eskatu dute.
"Bitartekari Taldeko kideak atxilotzeak bake-prozesua oztopatzea zuen helburu", esan dute, "presoak ahotsik eta babesik gabe geratzea nahi dute gobernariek, gure herriaren askatasun gogoa itzaltzeko asmoz".