Politika -

Katalunia

Masek hilabeteon iragarriko du hauteskundeak aurreratuko dituen

"Hemendik aurrera" prozesu independentistan "gauza gehiago" gertatuko direla aurreratu du Kataluniako Generalitateko presidenteak.

Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea. EFE
Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea. EFE
Artur Masek onartu du herri barneko zailtasunak hazi egin direla

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Hainbat egunez isilik egon naiz, baina hemendik aurrera gauza gehiago esango ditut", esan du bart, misteriotsu, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak, kazetarien aurrean.

Literaturako Nadal saria emateko ekitaldian egin ditu adierazpenok agintariak, kazetariek astelehenean Oriol Junqueras ERCko buruarekin izan zuen bilerari buruz egindako galderei erantzunda.

"Junquerasekin egindako bilerari buruz egunotan hitz egingo dut; baina ez kezkatu, hemendik aurrera adierazpen gehiago egingo ditudalako eta gauza gehiago gertatuko direlako", esan du Masek, zehaztasun gehiagorik eman gabe.

Hilabeteon jakingo da plebiszitu-hauteskundeak deituko dituzten

Bestalde, Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak ERCren aurka egin du, eta Masek plebiszitu-hauteskundeak deitzeko egindako proposamen guztiei "ezetz" esatea egotzi dio. Horren ildotik, jarrera horrek prozesua "geldiarazi" lezakeela ohartarazi du.

TV3n egindako elkarrizketa batean, Ortegak aurreratu du urtarrila bukatu baino lehen jakingo dela Masek hauteskundeak aurreratuko ote dituen. Dena dela, "eskuzabaltasuna" eskatu dio ERCri, akordioa lortzeko. "Ba al du ERCk behin betiko kontsulta egiteko borondaterik? Generalitateak badu", nabarmendu du.

Ortegak hauteskundeak aurreratzearen alde egin du, betiere plebiszitu izaera emateko. Hala izan ezean, legegintzaldi osoa betetzea nahiko luke, iazko Aurrekontuak luzatu egin beharko balituzte ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea