Politika -

Radio Euskadi

Arraiz: 'Ezker abertzalearen borrokak merezi izan du'

Batasuneko buruzagitzaren aurka astelehenean hasiko den epaiketaren harira, Sortuko presidenteak nabarmendu du 'politika egiteko aukera berdintasunik' ez dagoela herri honetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak hizpide izan du Batasuneko hainbat buruzagiren kontra Auzitegi Nazionalean astelehenean hasiko den epaiketa.

Gaur Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean Sortuko presidenteak nabarmendu duenez, "ezker abertzaleak independentziaren eta sozialismoaren alde egindako borrokak merezi izan du eta merezi du". ETAren borrokaz galdetuta, berriz, ETAK berak esan beharko du "borrokak merezi izan duen ala ez", esan du.

Arraizen iritziz, ETAren armagabetzerako Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena ez da "serioa"; izan ere, "ez da serioa Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak ETA armagabetzen ari dela jakinarazi eta ordu erdira, inorekin hitz egin gabe, gisa horretako proposamen bat ezagutzera ematea".

"Nola egin den kontuan hartuta, bideragarritasunik ez duen proposamen bat dela iruditzen zait, nazioarteko egiaztatzaile batzuen ekimena zapuztera datorrena", azaldu du.

Sortuk "horrek bideragarritasuna izatea" nahi duela aditzera eman ostean, horretarako "nahastutako Gobernuen parte-hartze zuzena edo zeharkakoa" egon behar duela azaldu du; izan ere, "hori gertatu ezean, ezinezkoa izango da, eta hori Eusko Jaurlaritzak ere badaki".

Arraizek "erabat" baztertu du ETAren armagabetzearen inguruan hauteskunde-interesik dagoenik. "Espainiako Gobernuak duen jarrerak eta Frantziako Gobernuak horren harian Espainiakoari jarraitzeak erabat mediatizatu dute gai hori, eta paradoxa badirudi ere, Espainiako Gobernuak ez du ez baldintzarik ez bermerik eman nahi beste aldea, harekin borrokatzen ari dena, armagabetu ahal izateko", gaineratu du.

ETAren erabateko armagabetzea gauzatzeko datorren legegintzaldira arte itxaron behar ez izatea espero duela esan du Sortuko buruzagiak, baina gaur egun zail ikusten du "Gobernu honekin eta, bereziki, Gobernu honen jarrerarekin, armagabetu nahi duen erakunde hau, gutxieneko minimo batzuekin, armagabetzea".

Astelehenean Auzitegi Nazionalean Batasuneko buruzagitzaren kontra hasiko den epaiketaren harira adierazi du horrek argi erakusten duela oraindik orain "ez dagoela politika egiteko aukera berdintasunik herri honetan". "Kideak espetxean, gaitasungabetuta eta epaiketa zain dituen alderdi politiko bakarra gara", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken albisteak Sortu Hasier Arraiz argazkiak