Politika -
Jardunaldiak Donostian
'Zintzotasunetik abiatuta, herritarren parte-hartzea sustatu behar da'
Eneko Goia Donostiako alkatetzarako EAJren hautagaiak adierazi duenez, herritarrei kalitatezko informazioa eskaini behar zaie, politikarekiko urruntzea gainditzeko asmoz.
Erredakzioa
Eneko Goia Donostiako alkatetzarako EAJren hautagaiak azaldu duenez, "zintzotasunetik abiatuta, herritarren parte-hartzea eta gardentasuna sustatu behar ditugu, politikarekiko biztanleek duten mesfidantza eta urruntzea gainditzeko xedez".
Larunbat honetan Donostian izandako "gobernu onaren" inguruko jardunaldietan parte hartu du Goiak, eta horien amaieran egin ditu adierazpen hauek. Goiarekin batera, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EAJren hautagaia ere izan dira bertan.
Goia "kezkatuta" azaldu da une honetan kudeaketa publikoarekiko existitzen den "mesfidantza, aldentze eta ospe-galtzea" dela-eta. Jeltzalearen iritzian, "urruntze hori gainditzeko, herritarrei kalitatezko informazio ugaria eskaini behar zaie", eta "gardentasunean" sakondu behar da. Horretarako, diru-funts publikoekin finantzatutako inbertsioak objektiboki baloratu ahal izateko kudeaketa-planak proposatu ditu.
Gainera, instituzio-kargudunen "agenda publikoak" sortzea proposatu du, herritarrek jakin dezaten zertan inbertitzen den denbora.
Herritarren parte-hartzeari dagokionez, Goiak deitoratu du Donostian bilera irekiak baino gehiago ez dela egiten. Horren iritzian, Donostian oraindik erabili ez diren bestelako tresna gehiago daude, eta horiek martxan jartzearen alde agertu da.