Politika -
Gardentasuna
PSE: 'Jaurlaritzak atzerapausoa eman du gardentasunaren alorrean'
Jaurlaritzak kontratu txikiei buruzko informazioak urtean behin emango dituela salatu dute sozialistek. Orain arte, hiru hilabetean behin egiten zuen.
Erredakzioa
PSE-EEk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak aldatu egin ditu kontratu txikiei buruz informatzeko irizpideak, oposizioaren kontrola "oztopatzeko" helburuz. Sozialisten esanetan, neurria "larria" da, kontratu mota horietan "irregulartasun eta klientelismo kasu ugari" jasotzen baitira.
Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, informazio mota horiek urtean behin ematea erabaki du Jaurlaritzak. Orain arte, hiru hilabetean behin egin izan du.
Sozialistek galdera parlamentario baten erantzunean izan dute neurri horren berri. Horretan, Josu Erkoreka Herri Administrazio sailburuak irizpideak apirilaren 24an aldatu zituztela zehaztu zuen.
Pastorren hitzetan, kontratu txikiak zuzenean esleitu daitezke, konkurtso publikoa egin gabe. Horregatik, oso garrantzitsutzat jo du oposizioak “kontrol” lanak egitea.
Bozeramaile sozialistak gogorarazi du ustezko irregulartasunak atzeman izan dituztela kontratu mota hauetan, Jaurlaritzak Noticias taldeari hainbat albiste publikatzeko ordaindu zionean, kasu.
Hori horrela, Pastorrek gardentasunaren alorrean “atzerapausoa” eman izana egotzi dio Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuari. “Herritarrek informazio gehiago nahi badute ere, EAJko Gobernuak sarbidea ixtea erabaki du”, deitoratu du.