Politika -
Zigor pilaketen auzia
Arrospide eta Plazaola berriz kartzelatuko ditu Gorenak segur aski
Auzitegi Nazionalak aske utzi zituen, Frantziako espetxeetan eman zuten denbora Espainiako zigorrean aintzat hartzea onartu baitzuen, baina Gorenak irizpide horren aurka egin du.
Erredakzioa
Santiago Arrospide, Santi Potros, eta Alberto Plazaola ETAko preso ohiak espetxera itzul litezke. Izan ere, Frantziako espetxeetan eman zuten denbora Espainiako zigorrean aintzat hartzea onartuta utzi zituen aske Auzitegi Nazionalak, Europako legeei jarraiki, baina Auzitegi Gorenak irizpide hori ezartzearen aurka egin zuen atzo.
Iturri juridikoak aipatuta Europa Press agentziak jakinarazi duenez, preso ohi horien egoera Auzitegi Gorenaren esku dago orain, Fiskaltzak Auzitegi Nazionalaren aginduaren aurka aurkeztutako helegitea ebatzi behar baitu. Atzo hartutako erabakia ikusita, berriz kartzelatzea aginduko du segur aski.
Gorenaren erabakia preso jakin baten ingurukoa bada ere (Kepa Pikabea), irizpide orokor bihurtu da, eta 54 presori eragingo die, tartean aske geratu ziren bi horiei.
Zigor Aretoak zatituta atera du ebazpena: bederatzi epailek alde bozkatu dute, eta beste seik boto partikularra idatziko dutela aurreratu dute.
Orain, preso kaltedunek Auzitegi Konstituzionalera eta Europar Batasunaren Justizia Auzitegira jo ahalko dute, helegitea jartzeko.