Politika -

Kataluniako prozesua

Subiranotasunaren aldeko erakundeekin bilera egingo du gaur Masek

Bilera 15:00etan hasi da Generalitatearen Jauregian. Aurrez, eguerdian, Mas CDCko zuzendaritza batzordearekin batzartu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak eta Oriol Junqueras ERCko buruzagiak bilera egiten ari dira ANC, Omnium eta AMIko ordezkariarekin, subiranotasunaren aldeko prozesuan aurrerapausoak emateko asmoz. Mas eta Junquerasekin batera, bileran daude Carme Forcadell (ANC), Muriel Casals (Omnium) eta Josep Maria Vila d’Abadal (AMI).

Oriol Junqueras ERCko burua, Carme Forcadell ANCko presidentea, Muriel Casals Omnium Culturaleko arduraduna eta Josep Maria Vila d'Abadal Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko presidentea 15:00ak baino pixka bat lehenago sartu dira Generalitatearen Jauregira.

Masek bihar agerraldia egingo du, orain, (martxoan) hauteskunde plebiszitarioak deitzen dituen edota udazkenera atzeratuko dituen iragartzeko. Antza denez, erabakia zehaztuta dauka. Gaur arratsaldeko bileran, oztopo nagusia gainditzen ahaleginduko dira, hauteskundeetako zerrenden formatuari dagokiona.

Bilera horien guztien ondoren, ostegunean emango du Artur Masek “behin betiko erabakiaren berri”, Katalunian hauteskundeak aurreratzearen inguruan. Gainera, “prozesuak aurrera egin dezan eta ondo buka dadin”, “ahalik eta egoera onenetan jarraitzeko”, hartuko dituzten neurriak ere zehaztuko ditu.

Junqueras eta Forcadell, itxaropentsu

Azaroaren 9ko parte-hartze prozesuaren ondotik, jarraitu beharreko bide-orriaren inguruan Masekin akordioa lortzeko itxaropena agertu dute Oriol Junqueras ERCko buruak eta Carme Forcadell ANCko presidenteak.

Bilerara sartu aurretik kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Junquerasek adierazi du CiU, ERC eta subiranotasunaren aldeko erakundeen arteko akordioa egongo denaren konbentzimendua eta intuizioa dituela. Bestalde, Forcadell ere itxaropentsu mintzatu da: "Guztia ongi joango denaren itxaropena daukagu".

CDCko zuzendaritza batzordearen bilera

Aurrez, eguerdian, Masek bilera egin du CDC alderdiko zuzendaritza batzordearekin. Amaieran, Josep Rull alderdiko koordinatzaile nagusiak hitz egin du eta azpimarratu du Masek ideiak garbi dituela eta badakiela datorren hauteskundeetan "zer egin".

Halaber, baieztatu du arratsaldean gerta daitekeena aztertu dutela eta ongi joango denaren itxaropena duela.

Goizeko bileran, Masekin eta Rullekin batera, bertan izan dira Irene Rigau Hezkuntza kontseilari eta CDCren Kontseilu Nazionaleko presidentea, Jordi Turull CiUren burua Kataluniako Parlamentuan, Lluis Corominas Koordinazio Instituzionaleko idazkariordea, Pere Macias diputatua, Josep Lluis Cleries senataria eta Xavier Trias Bartzelonako alkatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia