Politika -
Bilera Grezian
Europan gobernu egonkorrak egotearen beharra defendatu du Rajoyk
Espainiako Gobernu presidenteak eta Andonis Samaras Greziako lehen ministroak agerraldi bateratua egin dute, Atenasen bilera egin ostean.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidenteak gaur Grezian azpimarratu du beharrezkoa dela Europan gobernu egonkorrak egotea eta horiek ziurtasunak ematea. Halaber, ohartarazi du alderdi batzuek emandako hitza betezina dela, eta "izugarrizko frustazioa" sortu besterik ez dutela egiten.
Rajoyk egonkortasunaren aldeko apustua egin du, Andonis Samaras Greziako lehen ministroarekin bilera egin ondotik, biek elkarrekin, egin duten agerraldian. Rajoyk ez du adierazi nahi izan zer gertatuko litzatekeen hauteskundeetan Espainian Podemos-Ahal Duguk edota Grezian Syrizak irabaziko balute.
Ekonomia erreformek ematen duten egonkortasuna nabarmendu du - Espainian edota Grezian egindakoak kasu - eta azpimarratu du ez duela inolako zentzurik bete ezin diren gauzak zin egitea.
Aipaturiko erreformak beren fruitua ematen ari direla azaldu du, nahiz eta aitortu duen, zenbaitetan, zailak eta mingarriak izan direla.
Bestalde, Andonis Samarasen lana eta ausardia goraipatu ditu, Greziako hauteskundeen bezperatan. "Sinesgarritasuna berrezartzeko eta haren herrialdea aurrekaririk gabeko krisitik ateratzeko egin duen borrokaren lekuko izan naiz", adierazi du.
Rajoyren esanetan, Samaras "benetako laguna da, fidatzeko moduko bazkidea eta benetako liderra".
"Orain Katalunian hauteskundeak deitzea ez da komenigarria, ezta positiboa ere"
Espainiako Gobernu presidenteak ziurtatu duenez, orain Katalunian hauteskundeak deitzea ez da komenigarriena, ezta positiboena ere.
Artur Mas Generalitateko presidenteak bihar Katalunian hauteskundeak aurreratu ditzakeen aukeraz galdegin diote Rajoyri.
Espainiako gobernuburuak azpimarratu du lehentasunak ezarri behar direla gobernatzerako garaian eta, une honetan, helburu nagusia krisian zentratzea izan behar dela eta ez hauteskundeak deitzea.