Politika -
Auzitegi Nazionala
Facu Diaz 'La Tuerka'ko umoregilearen kontrako auzia artxibatu dute
Bideoa "gustatu ala ez, ez ditu terrorismoaren biktimak gutxiesten edo umiliatzen", ebatzi du epaileak.
Erredakzioa
Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko epaileak artxibatu egin du Facu Diaz umoregilearen aurkako auzia, 'La Tuerka News' saioan zabaldu zuten bideo baten harira, biktimak umiliatzen ez dituelakoan. Bideo horretan, PPko kide itxurak egiten zituen aktoreak, ETAko kideen antzeko testuinguruan.
Dignidad y Justiciak jarri zuen salaketa terrorismoaren biktimak umiliatzen zirela argudiatuta, eta Facu Diazek gaur deklaratu du epailearen aurrean.
Epaileak kaleratutako autoan azaldu duenez, bideoa "gustatu ala ez, ez ditu terrorismoaren biktimak gutxiesten edo umiliatzen, baina biktima guztientzat edo batzuentzat iraingarria izan liteke terrorismoa satira edo umorea egiteko erabiltzea, mina pairatu eta pairatzen dutelako".
Epaiketan, umoregileak azaldu du bideoa ustelkeriaren kontrako Punica operazioa egin zenean grabatu zutela, eta asmoa, "umoretik eta satira erabilita, ustelkeria kritikatzea" zela.
Epaileak uste du bideoak berretsi egiten duela umoregilearen deklarazioa.
Bideoan PPko kide bat agertzen zen, alderdia desegitea proposatzen, ustelkeria kasuengatik militanterik geratzen ez zelako, eta gainerakoak VOXera edo UPyDra joan zirelako.
Azken horretan oinarritu du salaketa Dignidad y Justiciak, Jose Antonio Ortega Lara eta Maite Pagazartunduaz ari zela pentsatzen baitzuen.