Politika -
Segurtasun nazionala
Krisi egoera nazionala deklaratu ahal izango du Rajoyk
Segurtasun Nazionaleko lege organikoaren aurreproiektua onartu du Espainiako Gobernuak. “Segurtasun nazionalerako interes” egoera deklaratzeko aukera berritasun nagusia da.
Erredakzioa
Arrisku eta mehatxu berriei hobeto erantzuteko Segurtasun Nazionalaren aurreproiektua onartu du gaur Gobernuak. “Askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak bertan behera uzteko neurririk ez du jasotzen”, adierazi du Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak.
Ministroen Kontseiluak aurreproiektua onartu eta Estatu Kontseiluari igorriko dio orain, presidenteordeak iragarri duenez.
“Segurtasun nazionalerako interes” egoera deklaratzeko aukera berritasun nagusia da. Era berean, alarma eta salbuespen egoerak arautzen ditu.
Legeak jihadismoaren azken erasoekin loturarik ez duela azaldu du Saenz de Santamariak, baina terrorismoaren aurkako borrokan tresna erabilgarri bat izan daitekeela erantsi du.
Oinarrizko eskubideak
“Interes egoera deklaratzeak oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak ez ditu sekula bertan behera utziko. Alarma, salbuespen eta setio-egoeratan bakarrik”, zehaztu du presidenteordeak. Horrela, lurrikara bat adibidetzat jarri du Saenz de Santamariak; izan ere, kasu horretan ministerioen, erkidegoen eta udalen baliabideak beharrezkoak dira, baina oinarrizko eskubideak bertan behera utzi barik.
Interes egoera deklaratzeko eskumena Gobernuko presidenteak izango du soilik. Administrazioaren ohiko baliabideekin krisiari aurre egiterik ez dagoenean interes egoera deklaratuko dute, 1981eko Alarma, Salbuespen eta Setio Legea aplikatzeko egoera larria ez denean.
Erronkei eta mehatxuei erantzuteko Estatuaren gaitasuna sendotu nahi du lege berriak. Zibersegurtasunean, itsas-segurtasunean eta finantza-segurtasunean eskumenak definitzen ditu arauak, eta baita ingurumena, energia, garraioak eta telekomunikazioetan ere.