Politika -
Ez du bisitarik egingo
Frantzisko aita santua ez da aurten Loiolako santutegira joango
Aita santuak ez du espainiar Estatura bidaiarik egingo 2015. urtean, atzo Vatikanoak aditzera eman zuenez.
EITB.EUS
Aita santuak ez du aurten espainiar Estatura bidaiarik egingo, atzo Vatikanoak aditzera eman zuenez. Hortaz, Iñigo Urkullu lehendakariak urte hasieran egindako gonbiteari ere uko egingo dio Frantziskok.
Urkulluk Euskadi bisitatzeko gonbitea egin zion Frantzisko aita santuari urtarrilaren 2an.
Agintariak gutun ofizial batean egin zion gonbidapena, eta Ricardo Blazquez Espainiako Gotzain Batzarreko presidente eta Bilboko gotzain ohiaren bitartez helarazi zion aita santuari.
Hain zuzen ere, Loiolako santutegia bisitatzea proposatu zion Urkulluk Frantziskori, aurten San Inazioren Bidearen lehen urte santua ospatuko baitute.
Aita santua Jesusen Lagundiko kide da, eta konpainia horrek Loiolako santutegian du egoitza.
Frantziskoren erantzuna atzo iritsi zen: ‘Aita Santuak ez du aurreikusten Espainiara bisita ofizialik egitea 2015. urtean. Hala ere, Santa Teresa Jesusenaren jaiotzaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldiak gertutik jarraituko ditu aita santuak”.
Urkulluz gain, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak, Gaztela Leongo Batzordeak, Espainiako errege-erreginak edota Avilako alkateak ere gonbitea luzatu diote Frantziskori, Espainiara joateko.