Politika -
Protesta Madrilen
AVT: 'ETAren aurrean kikiltzen ez diren agintariak behar ditugu'
Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidente Angeles Pedrazak Gobernua gogor salatu du: "duela hiru urte baino okerrago gaude orain".
Erredakzioa
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) manifestazioa egin du larunbat honetan Madrilen terrorismoaren aurka "oraindik zeregin handia" dagoela azpimarratzeko. Elkarteak gogor salatu du Mariano Rajoyren Gobernuaren jarrera.
Elkarteko presidente Angeles Pedrazak deitoratu duenez, "duela hiru urte baino okerrago gaude orain". "ETAren aurrean kikiltzen ez diren agintariak behar ditu Espainiak", esan du Pedrazak, "adore demokratikoa eta argitasun morala duten agintariak, hain zuzen ere".
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak deituta, ehunka lagun bildu dira Madrilgo Colon plazan, "Traizio gehiagorik ez" lelopean. Manifestazioan Espainiako banderak izan dira ikusgai.
ETAren aurka ezer egin ez izana leporatu dio Pedrazak Rajoyren Exekutiboari, eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren bide-orriari bakarrik eustea egotzi dio. "Duela hiru urte baino okerrago gaude orain", esan du Pedrazak.
"Gobernuak ETArekin negoziatu ez duen arren, 100 presotik gora daude aske", adierazi du, "gainera, ihes egindako 125 presoen egoera arautu dute, eta etarrak heroi bezala hartzen eta ehorzten dituzte".
Ondoren, Gobernuak bete beharreko zereginak zehaztu ditu Pedrazak: tartean, auzi pendienteak dituzten terroristak atxilotzea, zuloak desegitea eta ETArekin lotura duten alderdiak legez kanpo uztea.
Erreakzioak Alderdi Popularrean
Bestalde, PPk miresmen osoa eskaini dio Terrorismoaren Biktimen Elkarteari, eta Alderdi Popularreko kideak "beti biktimen ondoan" izan direla gogoratu du. Halaber, "inork ez duela biktimak saldu" nabarmendu du.
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak baieztatu duenez, "gauzak gorabehera, ETAren biktimak askatasunaren eta demokraziaren erreferente izango dira beti Rajoyren Exekutiboarentzat".
Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak antzeko adierazpenak egin ditu. "PP ezin da ulertu biktimen defentsarik gabe", esan du, "ETAk ez du bakarrik PPko kideak hil, baina demokraziaren defentsan gehien galdu dugunok Alderdi Popularrekoak gara".
Azkenik, Fatima Bañez Enplegurako ministroak miresmena eskaini dio AVTk deitutako protestari, eta "biktimen ondoan beti" izango direla azpimarratu du. "Terrorismoaren biktimak gure erreferente morala dira, guk biktimen oroimena defendatuko dugu beti", gaineratu du.