Politika -

Ekitaldia Sopelan

EH Bildu: 'Grezian bezala, gure eskubideak berreskuratu behar ditugu'

Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, "Grezian bezala, guri ere kendu dizkiguten eskubide zibilak, sozialak eta politikoak berreskuratu behar ditugu Euskal Herrian".

Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB
Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "Grezian bezala, guri ere kendu dizkiguten eskubide zibilak, sozialak eta politikoak berreskuratu behar ditugu Euskal Herrian".

Legearen inperioa herri-borondateagatik ordezkatzea proposatu du Ugarteburuk igande honetan Sopelan izandako ekitaldi batean. "Hemen bizi garenok erabaki guztien protagonista izan behar gara", nabarmendu du.

"Grezian jazo den bezala, Euskal Herrian ere indartsu egin behar gara, eta kendu dizkiguten eskubide zibilen, sozialen eta politikoen jabe berriro egin", adierazi du, "gure kasuan, merkatuak, gobernuek eta Espainiako eta Frantziako Estatuek inposatutako legeek kendu dizkigute eskubideak".

Horren harira, demokraziak herriaren boterea esan nahi duela gogoratu du eta, hori dela eta, benetako esanahia emateko garaia dela esan du. "Hemen bizi garenok erabaki guztien protagonista izan behar gara, eta hori da, hain justu, EH Bilduk eta EH Baik proposatzen dutena, subiranotasun eta demokrazia osoa lortzeko euskal bidea, alegia", adierazi du.

"Espainiako eta Frantziako Estatuen borondate eza ikusita, independentziarainoko bidea jorratu nahi dugu, Euskal Herri aske eta bidezkoa lortzeraino, hain zuzen ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EH Bildu