Politika -

PSE-EE

Mendia: 'Ez dugu inoiz erabakitzeko eskubidea babestuko'

PSE-EEk elkar-ulertzearen eta autogobernuan sakontzearen alde lan egiten jarraituko duela zehaztu du.

Idoia Mendia, PSE-EE. EiTB
Idoia Mendia, PSE-EE. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan duenez, bere alderdiak ez du inoiz independentzia edota erabakitzeko eskubidea babestuko. PSE-EEk elkar-ulertzearen eta autogobernuan sakontzearen alde lan egiten jarraituko duela zehaztu du.

EAJk 'nazio-itun berri bat' lortzeko, atzo, egindako proposamenari modu horretan erantzun dio buruzagi sozialistak. Andoni Ortuzar jeltzaleen buruak ETA behin betiko desagertzea, egindako mina aitortzea eta presoak birgizarteratzea ezinbesteko baldintzak zirela esan zuen, nazio-itun berri bat erdiesteko. Erabakitzeko eskubidearen aitortza eta Euskadi subjektu politiko bezala onartzea oinarrian jarri behar dira esan zuen Ortuzarrek.

"Herritarrak ez ditugu inoiz behartuko espainolak edo euskaldunak izan nahi duten erabakitzera. Ez ditugu banatzera behartuko", esan du.

EH Bilduri buruz, berriz, Mendiak esan du krisi garaiotan autodeterminazioaren edota independentziaren defentsan aritzea ez dela egokia, herritarrek beste kezka batzuk dituztelako. "Enplegua, zerbitzu publikoa, semeak lanik izango duen ? horiek dira herritarren kezkak. Alderdi Sozialista horiei begira dago, gainerako guztia bigarren mailakoa da", gaineratu du.

Herritarren lehentasunak kontuan hartuta egiten ditu PSEk proposamenak, Mendiaren hitzetan. "Herritarrek proposamen zehatz horiek baloratzen dituzte", adierazi du.

Podemos ere izan du hizpide euskal sozialisten idazkari nagusiak. Podemos alderdia "noraezean" dabilela eta bere helburu bakarra inkestetan lehen lekuetan agertzea dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea PSE-EE albisteak