Politika -
Madrilen aurkeztu dute
'Eskuinari irabazteko' manifestua sortu dute ezkerreko militanteek
“Ezkerra gara” titulupean, Syriza koalizioak lortutako garaipena azpimarratu dute: “Etsaiari gerra irabaztea posible dela erakutsi digute, nahiz eta etsaiak boterearen makineria bere alde izan”.
Erredakzioa
“Eskuinari irabazteko” eta ezkerraren “batasuna” lortzeko asmoz, alderdi politikoetako, herri-mugimenduetako, sindikatuetako eta kultur arloko 200 bat militantek manifestu bat aurkeztu dute gaur goizean Madrilen.
“Ezkerra gara” titulupean, Syriza koalizioak lortutako garaipena azpimarratu dute: “Etsaiari gerra irabaztea posible dela erakutsi digute, nahiz eta etsaiak boterearen makineria bere alde izan”.
“Espainian ere garaipena posible da, ezkerrekoak garen pertsona guztiok bat egin eta helburu bat zehazten badugu: eskuinaren behin betiko porrota lortzea, alegia”, adierazi dute dokumentu horren bidez.
Hortaz, iraganeko “liskarrak” atzean utzi eta “elkarrekin” azken “garaipenera” lortzeko gonbita egin diete ezkerreko militante guztiei.
Ekimen horretan parte hartu duten pertsonen artean, Beatriz Talegon Izquierda Socialista (IS) alderdiko kideak azaldu duenez, manifestua sinatu duten pertsonek “euren izenean egin dute, ez alderdi politikoen izenean”. Batzuek, Talegon bera tartean, Podemosek larunbaterako deitu duen manifestazioan parte hartuko dutela gaineratu du.
Sinatzaileen artean, besteak beste, Podemoseko kideak daude, eta baita Izquierda Unida, Izquierda Abierta, PSOE eta PSC alderdietakoak ere.
Izen-abizen ezagunenen artean, Jose Luis Perez Tapias (IS), Enrique del Olmo soziologoa, Tania Sanchez (IU) eta Juan Lopez de Uralde (Equo) daude.
UGT eta CCOO sindikatuetako kide batzuek ere bat egin dute dokumentuarekin, baita Ramon Cotarelo irakasleak, Lucia Etxebarria idazleak eta Juan Echanove aktoreak ere.