Politika -

Lurralde politika

Podemos: 'Euskadiko edo Madrilgo errealitatea ez da gauza bera'

Bestalde, Podemek (Katalunia) argitu du "katalanek hala nahi badute", independentziari buruzko erreferendum bat onartuko luketela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuko lurraldeen artean politika ezberdinak egon daitezkeela onartu du Podemosek, Euskadi eta Kataluniari dagokionez, behintzat. Carolina Bescansa Podemoseko analisi politikorako arduradunak argudiatu duenez, lurralde ezberdinetarako prestatutako hauteskunde-programetan ezberdintasunak egon litezke "Espainian ere ezberdintasunak" daudelako. "Euskadiko edo Madrilgo errealitatea ez da gauza bera. Krisiak ezberdin astindu ditu", azaldu du.

Bescansak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, "duintasun demokratikoa"ren kontrako erasoak "ezberdinak izan dira lurralde bakoitzean" eta, beraz, "puntu komunak badaude ere, lurraldeka aldaketak daude".

Katalunia izan daiteke horren adibide. Hain justu, horren inguruan galdetu diote Gemma Ubasart Podem-eko idazkari nagusirako hautagaiari. Horren esanetan, Podemosek independentziaren inguruko erreferenduma onartuko luke "katalanek hala nahi badute".

"Erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida mahai gainean dago, eta katalanek hala nahi badute, eskubide osoa dute", esan du Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketan.

Hori gorabehera, Ubasartek ukatu egin du irailaren 27ko hauteskundeak plebiszitarioak izatea. Horren ustez, Kataluniaren etorkizuna "erreferendum bidez" erabaki behar da, "ez diputatuak aukeratuta, zeharka".

Kataluniako balizko kontzertu ekonomikoari buruz galdetuta, aukera hori baztertu egin du hautagai katalanak, formula onena, eskura dituzten txostenen arabera, "moneta bat, ogasun bat" baita; hau da, ogasun bakarra Eurogune osorako.

Monederoren alde

Juan Carlos Monedero Podemoseko hirugarrenaren kontra  "abiatutako gerra"ren aurrean, batasuna erakutsi dute Pablo Iglesiasen alderdikoek. Pablo Echenique eurodiputatuak 'sorgin-ehiza' kritikatu du, eta gauzak argitze aldera, "aurki" Podemoseko buruzagi guztien ondasunak publiko egingo dituztela iragarri du.

"Ondo dago jendeak gardentasuna eta argitasuna eskatzea, pozik gaude horrekin, baina Juan Carlos metroan dagoela erakusten duen argazkia Estatu osoan saltzen den egunkari bateko azala izatea ridikulua da", esan du La Razon egunkariak asteartean egindakoa kritikatuz.

Bescansak ere Monederoren kontrako kanpaina salatu du Radio Euskadin: "Erregimenaren botereari mehatxu egiten dion edozeinen kontrako kanpaina gogorra ari dira egiten. Kanpaina hau Europako hauteskundeen biharamunean hasi zen; banan-banan, Podemoseko zuzendaritzako kiden kontra aritu dira. Lurralde bakoitzeko idazkari nagusiak aukeratzen ditugunean, sorgin-ehiza zabaldu dute", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Unidas Podemoseko buru ohia