Politika -
Ezker abertzalea
Gorripideak Alternatibarekin bat egin du EH Bildu 'indartzeko'
Gorripidea taldeko 40-50 bat militantek Alternatibarekin bat egin dute, horien artean, Joxe Iriarte 'Bikila' Zutikeko militante historikoa.
Erredakzioa
Gorripideako militanteek Alternatibarekin bat egin dute, “ezker abertzalearen ekintza batasuna EH Bilduren inguruan sendotzeko”. 40-50 bat militante barneratu ditu Alternatibak. Gorripidea Zutik alderdiaren ondorengoa da.
Garai bateko Zutiken militanteen erabakiaren berri eman dute gaur Oskar Matute Alternatibako koordinatzaileak eta Joxe Iriarte Bikila alderdi horretako militante historikoak Donostian.
“Euskal Herriko ezker eta herri mugimenduetan ibilbide nabarmena duten dozenaka” militantek Alternatibarekin bat egitea erabaki dutela azaldu du Matutek prentsaurrekoan.
2000. urtea
1999an Euskal Herritarroken hautagaitzetan parte hartu zuen Bikila-k. Ezker abertzaleko koalizioak Batasuna, Zutik eta Batzarre barneratu zituen Nafarroan, baina 2000. urtean koalizioa hautsi egin zen, ETAk 1998ko irailean aldarrikatutako su-etena bertan behera utzi eta gero.
14 urte geroago, EH Bilduren proiektuarekin bat egitea erabaki dutela esan du Iriartek. Alternatibako kide bilakatzea adostu dute, “antz handia” dutelako, Bikila-k azaldu duenez.
“ETAk borroka armatua uztea eta EH Bildu helburu horiekin sortzea erabakigarria izan da koalizioan eta Alternatiban sartzeko”, adierazi du ezkerreko militante historikoak.