Politika -

EiTB

Urkulluk Iturbe babestu du, 'kudeaketa ahalmena' erakutsi duelako

Legebiltzarrak kargutik kentzeko egindako eskaerari entzungor ez diola egin agertu du, baina eskaera hori 'arrazoi kontrajarriak zituzten taldeen botoak batuta' egin zutela nabarmendu du.

Lehendakaria Maite Iturberekin solasean kargua hartu zueneko egunean.
Urkulluk Iturberen 'kudeaketa ahalmena' babestu du

02:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia babestu du, "kudeaketa ahalmena" erakutsi duelako eta hedabide publikoaren "kalitate eta audientzia mailei eutsi" dielako.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak egindako galderari erantzunez egin ditu adierazpenok Urkulluk. Joan den astean EiTBko zuzendari nagusia kargutik kentzeko eskatu zuen Eusko Legebiltzarrak, eta eskaera horri men egingo ote dion itaundu dio Maneirok lehendakariari, hedabide publikoa "EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura" dagoela salatzearekin batera.

Eusko Legebiltzarrak egindako eskaerari entzungor ez diola egin agertu du lehendakariak, baina EAJ ez beste taldeek babestutako eskaera hori "arrazoi kontrajarriak zituzten taldeen botoak batuta" egin zela nabarmendu du.

Urkulluren hitzetan, EiTBren zuzendaritza taldeak "kudeaketa ahalmena erakutsi du", eta hedabide publikoak lortutako "emaitzak dira horren lekuko".

"Albistegietako lidergoa"

"Zuzendaritza honek baliabide gutxiago izan ditu eta, halere, audientzia eta kalitate mailari eutsi die. Albistegien programazioa kritikatu dezakezu (adierazi du Maneirori zuzenduta), baina azken bi urteotan euskal gizarteak babesa eman dio, albistegietan lider izan baita EiTB", esan du Urkulluk.

UPyDk egindako salaketaren harira, Urkulluk ukatu egin du EiTB jeltzaleen mesedetara egotea: "Gustatuko litzaidake EAJren aldekoago izatea", erantsi du. Lehendakariaren aburuz, "ustezko ildo informatiboak gorabehera, Jaurlaritzak arduratsua behar du izan eta komunikabide publikoen kudeaketa profesionalaren egonkortasuna eta jarraipena bermatu behar ditu".

"Lan-gatazka"

Eusko Irratietan egindako enplegu deialdiaren ondotik sortutako 'lan-gatazka' ahotan,  EiTBko zuzendaritzak Administrazio Kontseiluaren agindua "hitzez hitz bete" duela azpimarratu du lehendakariak. Kontseiluak baduela akordioa atzera botatzea gogorarazi du, eta, hala egin ezean, EiTBko zuzendaritzak agindu hori bete beste aukerarik ez duela azaldu du.

Urkulluren esanetan, "paradoxa" da Legebiltzarrak Iturbe kargu-gabetzea eskatzea, EiTBren zuzendariaren azalpenak entzun baino lehen (agerraldia egingo du Legebiltzarrean Iturbek, berak hala eskatuta).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Legebiltzarra argazkiak