Politika -

Bankia auzia

Irainen artean hartu dituzte 'txartel beltzengatik' inputatuak

27 pertsona horiek txartel beltzei zein erabilera eman zieten jakin nahi du Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Guztira 15,2 milioi euro gastatu zituzten 2003 eta 2012 urteen artean.

Bankiako txartel beltzak Auzitegi Nazionalean aztertzen ari dira

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Caja Madrideko ‘txartel beltzen’ auzian inputatutako Administrazio Kontseiluko 27 kide ohiak deklaratzen hasi dira gaur goizean, Auzitegi Nazionalean.

27 pertsona horiek txartel beltzei zein erabilera eman zieten jakin nahi du Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Guztira 15,2 milioi euro gastatu zituzten 2003 eta 2012 urteen artean.

Gastu horiek ordezkaritza gastu bezala egin zituzten ala aparteko soldata izan ote ziren argitu nahi du Andreu epaileak. Inputatuetatik seik baino ez dute gastatutako dirua itzuli.

Bankiako ekarpenak erosi zituen pertsona talde batek inputatuak hartu ditu goizeko lehen orduan. Uhukadaz eta irainen artean hartu dituzte.

Sartzen lehena Jose Antonio Moral Santin Caja Madrideko presidenteorde ohia izan da. “Lapurra” eta “alfertzarra” esan diote elkarretaratzean parte hartu duten pertsonak. Andreu epailearen aurrean goizeko 9:10ean hasi da deklaratzen.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak fidantza zibilak eskatuko dizkie inputatu guztiei. Bakoitzak egindako gastuari legeak aurreikusitako herena gehituko dio fidantzak kalkulatzeko.

Aurrekoetan baino polizia gutxiago izan dira Auzitegi Nazionaleko sarreran. Ekarpenengatik kaltetuek hainbat kartel erakutsi dituzte, justizia eskatuz eta ekarpenekin gertatutakoa salatuz.

Moral Santin eta gero (IUk izendatutako kontseilaria izan zen eta 456.552 euro gastatu zituen), Jose Maria Arteta Mostoleseko alkate ohia (PSOE) igaroko da epailearen aurretik. Artetak 137.617 euro gastatu zituen txartel beltzen bitartez.

Gaurkoan ere Juan Jose Azcona, Pedro Bedia eta Rodolfo Benito CCOOko kideen txanda izango da. Hurrenez hurren, 99.300, 78.200 eta 140.600 euro gastatu zituzten.

Deklaratzen hurrengoa Gerardo Diaz Ferran patronaleko presidente ohia izango da. Soto del Realeko espetxetik joango da Auzitegi Nazionalera. Guztira 93.984 euro gastatu zituen; Ramon Espirnar sozialistak (173.999) eta Guillermo Ricardo Marcos Guerrerok ere (130.947 euro) gaur deklaratu behar dute.

Azkenik, UGT sindikatuko Gonzalo Martin Pascual (129.700) eta Ignacio de Navasqües igaroko dira Andreuren aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea