Politika -

''bideragarria bada''

Barne Ministerioak aztertu egingo du De Juanaren estradizioa eskatzea

Catalak azaldu duenez, hasierako urratsa auzitegietatik eman behar dute eta, ondoren, Gobernuak eskatu behar dio Venezuelari.

De Juana Chaosen estradizioa eskatzea aztertuko du Gobernuak

00:55

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak gaur, astelehena, adierazi duenez, Gobernuak aztertu egingo du Iñaki de Juana ETAko kide ohiaren estradizioa eskatzea, eta, baldin eta bideragarria bada eta Justiziak onartzen badu, “argi dago” eskatu egingo duela.

PPren Batzorde Exekutibo Nazionalera heldutakoan egin ditu adierazpenak Fernandez Diazek, El Mundo egunkariak argitaratutako albiste baten inguruan galdetuta. Hedabidearen arabera, De Juana Venezuelan dago eta denda batean egiten du lan. Ministroaren hitzetan, PSOEren Gobernuak espetxe araudiaren 100.2 artikulua aplikatu zuen eta egungoak estradizioa aplika daitekeen aztertuko du.

Fernandez Diazen arabera, legealdi honetan 131 pertsona atxilotu dituzte ETArekin lotura zutelakoan. Justiziarekin auziren bat bete gabe zuten eta De Juana “ez da salbuespen izango”, gaineratu du.

“Argi dago ez dagoela gose-greban”, erantzun du Fernandez Diazek, hedabideetan kaleratu diren De Juanaren azken argazkien inguruan galdetu diotenean.

"Urratsa, auzitegietatik"

Rafael Catala Justizia ministroaren hitzetan, estradizioa “Justizia arloan hasi beharreko izapidea” da, eta, hortaz, eskaria Auzitegi Nazionalak egitea espero duela erantsi du.

Sevillan egin ditu adierazpen horiek ministroak, Andaluziako Alderdi Popularrak antolatutako mahai-inguru batean parte hartu aurretik, Juanma Moreno Juntako Presidentetzarako hautagaiarekin eta Juan Ignacio Zoido Sevillako alkatearekin batera.

Catalak azaldu duenez, hasierako urratsa auzitegietatik eman behar dute eta, ondoren, maila politikoan. Hori dela eta, “litekeena da Espainiako Gobernuak Venezuelako Gobernuari estradizioa eskatzea”, gaineratu du.

“Espainian hainbat auzi epaitu gabe baldin baditu eta zigorra bete gabe baldin badu, ez dago zalantzarik, Auzitegi Nazionalak aurrerapausoa ematea espero dugu, eta, Justizia Ministerioaren bidez, Venezuelari eskatuko diogu”, ministroaren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika ETA