Politika -
Bidaia ofiziala
Zorroztasun-politiken aurkako jarrera eraman du Iglesiasek AEBra
Iglesias New Yorken dago, jarduera akademiko eta politiko batzuetan parte hartzeko. Asteazkenera arte izango da AEBn, eta ekonomialari eta diplomazialari batzuekin bilduko da.
Erredakzioa
Europan nagusi diren “dogmatismoak” eta krisiari aurre egiteko adostutako “zorroztasun-neurriak” kritikatu ditu Pablo Iglesias Podemoseko buruak gaur New Yorken. Europako Gobernuei zorroztasun-politikak zuzentzeko eskatu die.
Iglesias New Yorken dago, jarduera akademiko eta politiko batzuetan parte hartzeko. Asteazkenera arte izango da AEBn, eta ekonomialari eta diplomazialari batzuekin bilduko da.
Aurreneko bilera Joseph Stiglitz Ekonomia Nobel saridunarekin egin du, Columbia Unibertsitateko Negozio Eskolan.
Bilera bukatu ondoren, zorroztasun-politikak “zuzendu” egin behar direla berretsi du Iglesiasek. “Oparotasuna duen Europaren ideiarekin bat egin behar dugu. Esaten duguna ez da ezkertiarra, ezta eskuindarra ere”, esan du.
Stiglitzek askotan kritikatu ditu Nazioarteko Diru Funtsa, inbertsio-funtsak eta krisiari aurre egiteko martxan jarritako murrizketak.
“Indarberrituta itzuliko gara”, esan du Podemoseko buruak. “Stiglitzek esandako gauza batekin geratuko naiz: nazioarteko ekonomialarien artean, inork ez ditu zorroztasun-politikak defendatzen”, gaineratu du.