Politika -
Katalunia
Rajoy eta Mas gaur elkarrekin, hauteskundeak deitu ostean lehen aldiz
Bi agintariak uztailaren 30ean elkartu ziren azkenekoz, Moncloa jauregian.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentea eta Artur Mas Generalitateko presidenteak elkar ikusiko dute gaur, Kataluniako agintariak irailaren 27rako hauteskundeak deitu ondoren lehen aldiz.
Rajoyk eta Masek elkarrekin bazkalduko dute gaur Gironako Peralada gazteluan, Manuel Valls Frantziako lehen ministroarekin batera. Rajoyk eta Vallsek Espainiaren eta Frantziaren arteko elektrizitate lotura berri bat inauguratuko dute Frantzian, Espainiako mugatik gertu.
Espainiako Gobernuak inaugurazio ekitaldira eta ondorengo bazkarira joateko gonbita egin omen zion Kataluniako presidenteari, baina Generalitateko presidenteak atzo baieztatu zuen bigarren ekitaldira joango zela.
Masek agenda arazoak aipatu ditu inaugurazio ekitaldian ez parte hartzeko arrazoi gisa, izan ere, Kataluniako liburutegi zerbitzuen 100. urteurreneko ekitaldian parte hartuko du goizean.
Rajoy eta Mas uztailaren 30ean elkartu ziren azkenekoz, hain zuzen ere, Moncloa jauregian egin zuten bileran. Azaroaren 9ko kontsultaren atarian egin zuten bileran, argi gelditu zen bien jarrerak urrun zeudela.
Bien arteko hartu-eman dialektikoaren tonua igo egin zen ondorengo hilabeteetan, bereziki, azaroaren 9ko kontsulta ospatu eta Masek hauteskundeak aurreratu ondoren.