Politika -
Goizeko lehen ordutik
Guardia Zibila Huelvako Diputazioa miatzen ari da
Antza, Nekazaritzan Enplegua Sustatzeko Programako dokumentazioarekin erlazionatuta dago miaketa.
Erredakzioa
Guardia Zibila Huelvako Diputazioa miatzen ari da gaur goizeko lehen ordutik. Nekazaritzan Enplegua Sustatzeko Programako funtsen kudeaketan izandako ustezko irregulartasunen inguruan aurkeztutako salaketa batekin lotuta dago miaketa.
Hasiera batean miaketak UPyDk joan den astean funts horien ustezko irregulartasunengatik Fiskaltzaren aurrean aurkeztutako salaketarekin lotura zuela uste bazen ere, Huelvako Diputazioko iturriek puntu hori ezeztatu dute. Adierazi dutenez, miaketak Valverde del Caminoko Epaitegiak daraman auziarekin lotura du.
Bigarren miaketa bat ere egiten ari da Guardia Zibila Huelvan. Bigarren miaketa hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoetan egiten ari dira.
Guardia Zibilak azaldu duenez, bi miaketetan “informazio eskatzea eta lortzea” da agenteen asmoa.
Goizeko zortziak baino lehen hasi da miaketa. Guardia Zibilak eraikinean lanean ari ziren lagunei irteteko eskatu die. Gainerako langileei, heltzen ziren heinean, fitxatzera sartzen utzi die.