Politika -

Enplegu sailburu berria

Oposizioko alderdiak: 'Argi zegoen Toñari oniritzia emango ziotela'

Bestalde, Angel Toña karguan jarraitzeko Etika Publikoaren Batzordeak hartutako erabakia defendatu du EAJk, haren iritzian, "zuzena" izan delako.

Angel Toña Enplegu sailburua. Argazkia: EFE
Toñari oniritzia emango ziola 'ikusita' zegoen, oposizioaren arabera

4:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdien esanetan, "argi zegoen, karguan jarraitu ahal izateko, Angel Toña Enplegu sailburu berriari oniritzia emango ziotela". Karguari eusteko Eusko Jaurlaritzako Etika Publikoaren Batzordearen oniritzia jaso zuen atzo Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiko sailburuak.

Administrazio-konkurtso batean jaso zuen 18 hilabeteko gaitasungabetzeak ez diola karguan jarraitzea galarazten ebatzi zuten aho batez.

PSE-EE, PP, EH Bildu eta UPyD alderdiak horrela mintzatu dira Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan, eta "itxurakeria" eta "deitoragarria" bezalako hitzak erabili dituzte.

Oposizioko euskal politikariek gogoratu dutenez, Eusko Jaurlaritzak berak izendatzen ditu Etika Publikoko Batzordeko kideak. Joseba Egibar jeltzaleak, ordea, Etika Publikoaren Batzordeak hartutako erabakia defendatu du, haren iritzian, "zuzena" izan delako.

Anton Danborenea PPko bozeramaileak eztabaida plazaratu du. "Etikoa eta morala al da legea bete ez duen norbait babestea, horrek egin duena etikotzat jotzen badugu ere? Hori da hain justu kasu honetan jazo dena", esan du.

PSE-EEko legebiltzarkideak, berriz, "lanean hasteko" eskatu dio Enplegu sailburu berriari, "lan handia pendiente baitu".

Bestalde, Oscar Matute EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu duenez, "ikusi beharko da Toña gai den Eusko Jaurlaritzaren politikak aldatzeko, edo karguak Toña aldatuko duen".

Amaitzeko, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak azpimarratu du Etika Publikoaren Batzordeak ez duela sinesgarritasun handirik, horren kideak lehendakariak berak izendatzen dituelako. Gaitasungabetze baten ondorioz administrazio-konkurtsoetan lan egin ezin duenez, Toñak "ezin du sailburu izan". Hori dela eta, lehendakariari Toñaren dimisioa eskatuko diola berriro iragarri du Maneirok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea