Politika -

2015eko foru hauteskundeak

EH Bilduk gutxi batzuentzat agintzea egotzi dio EAJri

Xabier Olanok klientelismoaz aritzea leporatu die jeltzaleei. Horren esanetan, EAJk EH Bilduk lau urtean egindakoa desegin nahi du eta horretarako PSE-EErekin eta PPrekin itunak egiteko prest dago.

Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi kargurako EH Bilduren hautagaia. Argazkia: EiTB
Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi kargurako EH Bilduren hautagaia. Argazkia: EiTB
Olanok batzuen intereserako aritzea leporatu die beste alderdiei

0:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaiak gutxi batzuentzat agintzea egotzi dio EAJri. Olanoren esanetan, jeltzaleek EH Bilduk lau urtean egindakoa desegin nahi dute eta, horretarako, PSE-EErekin eta PPrekin itunak egiteko prest daude.

EH Bilduk Oinatz Mitxelena Irungo alkategaia aurkezteko ekitaldia egin du gaur eta bertan izan da Xabier Olano ere.

Olanok azaldu duenez, EAJk Fortuna Handien gaineko Zerga ezabatu nahi du. "Gipuzkoarren %1aren pribilegioak mantendu nahi izateak izen bat du: klientelismoa. EHBilduk gipuzkoar guztientzat gestionatzen du", gaineratu du.

Gipuzkoako Ogasuneko egungo zuzendariaren arabera, 2013an 57,2 milioi euro bildu ziren Fortuna Handien gaineko Zergari esker. "Gipuzkoako 7.000 pertsona aberatsenek laguntzen dute gipuzkoar guztiok, 700.000 gipuzkoarrek, zerbitzu hobeak jaso ditzagun", nabarmendu du.

Olanoren esanetan, aipaturiko zerga ez da "zigorra", izan ere, "gehien duenari gehiago eskatzea baita zentzudunena, are gehiago, krisi ekonomiko latz hauetan". Halaber, zerga hori ezabatu nahi izatea arduragabekeria handitzat jo du.

"Denborak arrazoia eman digu. Ez ziren susmoak. Susmoak baino gehiago daude egun. Auzibidean daude, inputazioak tarteko. Jeltzale ezagunak. Urtetan garatu den kudeaketa mota baten ondorioak dira, izan Kutxabank, izan Hiriko, izan Bidegi. Alegia, diru publikoa erabili dela enpresa eta poltsiko pribatuak aberasteko. Eta horrek izen bat du: klientelismoa", adierazi du.

Bestalde, Olanok hondakinen gaira jotzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri "ez dutelako gipuzkoarrei zer eskainirik".

Azkenik, azpimarratu du  EH Bilduk gehiengoaren babesa behar duela aldaketan sakontzeko, eta atzerapauso bakar bat ere ez emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EH Bildu Araba