Itxi

Politika

Eusko Legebiltzarra

Jauregui: 'Konstituzioak ez du inoiz autodeterminazioa jasoko'

Erredakzioa

Buruzagi sozialistaren hitzetan, EAEren egoera 'ezin hobea' da, Espainiako kide izanda, 'ia erabateko autonomia' duelako eta 'ekonomikoki onura handiak' dituelako.

1:15

Ramon Jauregui PSOEren eurodiputatuak eta lehendakariorde izandakoak Espainiaren Konstituzioa eta Autonomia Estatutua erreformatzearen alde egin du gaur,  euskal autogobernua XXI. mendera egokitzeko bidean. Dena dela, buruzagi sozialistak garbi utzi du Espainian ez dela izango autodeterminazio eskubidea jasoko duen konstituziorik.

Eusko Legebiltzarreko autogobernuko lantaldean azaldu duenez, estatu eredu federal batera iristea da helburua, eta bide horretan Euskal Herriak zuzenean parte hartu behar du. "EAEren egoera ezin hobea da, Espainiako kide izanda ia erabateko autonomia duelako eta ekonomikoki onura handiak dituelako", esan du.

Euskal Herriak Espainiarekin duen lotura hautsiko balu, euskaldunentzat "ondorioak jasanezinak" izango liratekeela gaineratu du. Europara begira ere, Euskal Herriaren independentzia ez litzatekeela bideragarria izango nabarmendu du, Europako Batasunak ez duelako estatu berri gehiago onartuko.

Euskal Herriak ez ditu estatu izaera erdiesteko ezaugarriak betetzen, Jaureguiren aburuz. "Konstituzioaren erreforma beharrezkoa da, baina erreforma horretan ez da autodeterminazioa eskubidea jasoko. Etorkizuneko egonkortasuna zalantzan jarriko duen araurik ez da jasoko", zehaztu du.

Etorkizun politikoa erabakitzeko kontsultak egitearen kontra agertu da, "muturreko irtenbideak" proposatzen direlako galdeketetan, "xehetasunak kontuan hartu gabe".

Gernikako Estatutua onartu zenetik, egungo estatu ereduak emaitza oso onak ekarri ditu Euskal Herrira, eurodiputatuaren arabera, baina autogobernua eguneratzeko "eskaera politikoa" egon badagoela onartu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena