Politika -

Eusko Legebiltzarra

Zengotitabengoa presoak Portugalen bizi duen egoera larria salatu dute

"Egunean 22 orduz" isolatuta edukitzen dute, eta urtean behin soilik ikus ditzake alabak, nahiz eta espetxearen zuzendariak berak aitortu preso "eredugarria" dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iera Abadianok, Andoni Zengotitabengoa ETAko presoaren emazteak, Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, senarrak egoera "krudela" bizi du Portugaleko espetxean, "egunean 22 orduz" isolatuta edukitzen baitute, eta ia ez du senideen bisitak jasotzeko aukerarik.

Zengotitabengoari 12 urteko kartzela zigorra jarri zion 2012an Portugaleko Justiziak, 1.500 kilo lehergai zituelako gordeta.

Iera Abadiano psikologoak eta Iñaki Goioaga abokatuak agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean Zengotitabengoak Monsantoko (Lisboa) presondegian bizi duen egoeraren berri emateko.

Abadianok azaldu duenez, presoaren jarrera "ezinhobea" da kartzelan, baina egoera "krudelean" dute, egunero hamar miaketa pairatzen dituelako, eta kartzelan dagoen hezetasunagatik arnasteko "gero eta arazo handiagoak" dituelako.

Senideek bisitan joateko dituzten zailtasunak gogorarazi ditu, 900 kilometroko distantziaz gain, gertukoenek soilik bisita dezaketelako. Hala, bi alaba txikienek urtean behin bakarrik ikusten dute, "lau metro koadroko" gela zikin batean, arma daraman polizia baten begiradapean.

Horren aurrean, Abadianok argitu du ez duela senarra kartzelatik ateratzea eskatzen, baizik eta erregimena aldatzea, eta senideek bisitatzeko duten eskubidea errespetatzea.

Era berean, Goioagak presoaren "inkomunikazioa" salatu du, eta harrituta agertu da, espetxearen zuzendariak berak aitortzen baitu preso "eredugarria" dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra bideoak Presoak bideoak Lisboa azken ordukoa