Politika -
Bost langileren hilketa
Martxoaren 3ko biktimek Europako Parlamentuaren babesa eskatuko dute
"Espainiako Gobernuak giza eskubideen nazioarteko legedia urratzen du eta 1976ko diskurtsoari eusten dio", salatu du elkarteak.
Erredakzioa
Gasteizko Martxoak 3ko biktimen elkartearen ekimen bat eztabaidatuko dute Europako Parlamentuan. Ganberaren babesa eskatu eta Espainiako Gobernuaren "inpunitatea" salatuko dute.
1976ko martxoaren 3an Poliziak bost langile hil zituen Gasteizen, elizan beharginen asanblada bat egiten ari zirela. Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, “ezinezkotzat” jo dute Estatu espainiarrak egia aitortzea, justizia bilatzea eta biktimei kalte-ordainak ematea. “Horregatik Argentinako Justiziara jo behar izan dugu eta datorren astean Bruselan babesa eskatuko dugu”, erantsi du.
Nolanahi ere, ez da lehenengo aldia Gasteizen eraildako bost langileen kasua Bruselan salatzen dutela. 2006an bilera informal bat egin zuten zenbait talde parlamentarirekin. Datorren martxoaren 3an, berriz, lehendabiziko ekimena erregistratuko dute Parlamentuan.
Telematikoki egingo dute erregistroa eta ondoren bertara joango dira Europako Ganberako eztabaidarako dokumentua aurkeztera.
Martxoaren 3ko biktimen elkarteak Europako herrialdeen aurrean agerian utzi nahi du Espainiako Gobernuak ez duela “giza eskubideen nazioarteko legedia errespetatzen” eta “1976ko diskurtsoari” eusten diola.
Txaskok gogora ekarri du Barne Ministerioaren argudioa zein den bost hildakoak terrorismoaren biktimatzat ez jotzeko: “Debekatutako elkarretaratze bateko eta Poliziaren arteko enfrentamendua izan zela eta Poliziak bake publikoa ezarri nahi izan zuela”.
“Poliziak eliza barruan gasa botatzea eta jendea arnasa hartu ezinik bertatik ateratzean tiroka hastea enfrentamendua al da?”, galdetu du Txaskok. Era berean, lotsagarritzat jo du langile batzuek asanblada baketsu bat eliza batean egiteari “bake publikoa arriskuan” jartzea dela esatea.
Amnistiaren Legearen ondorioz frankismoko krimenen erantzuleak auzipetzea ezinezkoa dela ere ekarri du gogora.
Oraingoz, EAJ, EH Bildu, Inciativa per Catalunya Verds eta Izquierda Unidako europarlamentarien babesa lortu dute. Datozen egunotan beste herrialde batzuetako taldeekin ere harremanak izango dituzte.