Politika -
Astelehenean
Florentino Perezek lekuko gisa deklaratu beharko du Punica auzian
Real Madrileko presidentea datorren astelehenean galdekatuko du Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. Auziko zati baten sumario-sekretua altxatu du Velascok.
Erredakzioa
Florentino Perez Real Madrileko presidentea eta enpresaburua lekuko gisa deklaratzera deitu du Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak, iturri juridikoek gauean jakitera eman dutenez. Horrela, Perezek datorren astelehenean deklaratu beharko du Punica operazioaren ikerketan.
Bestalde, auziko zati baten sumario-sekretua altxatu du Velascok. Enpresaburuak, funtzionarioak eta udal ezberdinetako idazkariak eta zinegotziak ikertzen ari dira auzian, kontratuen truke ustez ordaintzeagatik.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, 2-18 eta 24-25 liburukien sekretua altxatu du epaileak auto batean. Orain liburukiak digitalizatuko dituzte, eta informazioa jaso ahal izango dute aldeek Velascoren epaitegian.
Punica operazioaren atxilotuen artean, Francisco Granados Madrilgo kontseilari ohia eta David Marjaliza lehenengoaren lagun eta bazkidea (espetxean dago), Marcos Martinez (PP) Leongo Diputazioaren presidente ohia eta Madrilgo zenbait udalerriren alkateak daude, besteak beste.