Politika -

Aktak, euskaraz

Beizamaren kontrako auzian demandatu gisa pertsonatuko da Jaurlaritza

Aktak euskara hutsean bidaltzeagatik Urquijok jarritako errekurtsoaren aurrean, Beizamako Udalak prozesu judizialean demandatu gisa pertsonatzea eskatu zion Jaurlaritzari.

Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak iragarri duenez, Euskadiko Udal Legearen 6.2 artikuluan moldaketa bat sartu nahi du Gasteizeko Gobernuak, aktak eta dokumentu ofizialak beste erakundeetara euskara hutsean bidaltzea ahalbidetuko duena.

"Segurtasun juridikoa" bermatu nahi du neurri horrekin Jaurlaritzak. "Orain, Eusko Legebiltzarrari dagokio Udal Legean jasotako proiektua onartu edo ez erabakitzea", esan du Uriartek.

Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkideak  eskatuta, aktak euskara hutsean igortzeagatik Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak hainbat udalen kontra jarritako errekurtsoen aurrean azalpenak eman ditu sailburuak.

Toki Araubidearen Oinarrien Legearen arabera, udalak behartuta daude akta guztiak Estatuko Administraziora eta dagokien erkidegoko administrazio orokorrera igortzera. Euskara hutsean bidalitako aktak "jaso gabe" bezala hartzen ditu Espainiako Gobernuak, eta hori horrela, legea ez betetzea leporatzen die udalei. Arrazoi horregatik, 22 udalen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri du Espainiako Gobernuak.

2015eko urtarrilean Beizamako Udalaren gutun bat jaso zuen Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak  Beizamako Udalaren aurka jarritako errekurtsoaren berri emanez eta Jaurlaritzari auzi judizialean pertsonatzeko eskatuz.

Eskaria aintzat hartu, eta demandatzaile gisa pertsonatzea erabaki du Jaurlaritzak, gaia "interes orokorrekoa" dela iritzita. EAEko hizkuntza politikaren kudeatzailea Gasteizko Gobernua dela ere kontuan hartu behar dela gaineratu du Uriartek.

Hala, Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. Epaitegiari zuzendu zaio Jaurlaritza,  Beizamaren kontrako auzian Gasteizko Gobernua demandatzaile gisa pertsonatzea onar dezan.

 

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea hitzetan, "Espainiako Gobernuak ez du euskararen erabilera bultzatzen, oztopatu egiten du". "Udalak aktak gaztelaniara itzulera behartzen dituenean, gazteleraren erabilera ari da sustatzen, euskarari oztopoak jarriz", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak