Politika -

Martxoak 3

EH Bilduk gaitzetsi egin ditu Gasteizen izandako istiluak

Bestalde, ELA sindikatuak bereizi egin ditu Martxoak 3 elkarteak deitutako manifestazioa eta ondoren izandako istiluak.

Martxoaren 3ko manifestazioaren une bat. EFE
Martxoaren 3ko manifestazioaren une bat. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk gaitzetsi egin ditu Gasteizen 1976ko martxoaren 3ko gertakariak salatzeko manifestazioaren ondoren izandako istiluak, koalizio abertzaleak ohar batean jakinarazi duenez.

Koalizioak gogorarazi duenez, atzokoan Arabako hiriburuan antolatutako ekitaldiek 1976an Poliziak tiroz hildako bost langileak (Francisco Aznar Clemente, Bienvenido Pereda, Pedro Maria Martinez Ocio, Romualdo Barroso Chaparro eta Jose Castillo) eta ondoren Tarragonan eta Basaurin izandako protestetan zendutakoak "omendu eta justizia eskatzea zuten helburu".

EH Bilduren esanetan, langileok "euren lan-eskubideak eta demokrazia defendatzen ari zirela hil zituzten" eta, horrenbestez, martxoaren 3a "justizia, memoria eta duintasunaren sinonimo bilakatu da".

Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak asteartean egindako adierazpenak gogora ekarri ditu oharrak: "Martxoaren 3ak jatorri ezberdinetako gasteiztarrak bildu zituen, eta gaur egun batasun horrek herri honen eraikuntza sozial eta politikoaren ardatz jarraitzen du izaten".

ELAk bereizi egin ditu manifestazioa eta ondoren izan ziren istiluak

ELA sindikatuak ere antzeko mezua zabaldu nahi izan du, langileak omentzeko martxa eta istiluak bereizi behar direla azpimarratuta.

Sindikatuak baieztatu duenez, atzoko manifestazioaren helburua "Poliziak eraildako bost langileengatik justizia eskatzea" zen. Halaber, istiluak deialdiaren baitan ez zeudela gaineratu du.

Euskal sindikatuak babesa eman zion manifestazioari, baina erantsi du ez duela horrelako jokabideekin bat egiten. Bestalde, mobilizazio sozialen, demokratikoen eta baketsuen beharra nabarmendu du "langileek jasan behar dituzten bidegabekeriei aurre egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA albisteak EH Bildu Gipuzkoa Gasteiz albisteak