Politika -
Debekua
SA-k salatu du adierazpen askatasunaren kontrako 'atentatu argia' dela
Soziedad Alkoholikak kritikatu du erakunde publikoak erabili dituztela "ideia desberdinak dituzten pertsonei eraso egiteko". Bestalde, kontzertua bertan behera geratu da behin betiko.
Erredakzioa
Soziedad Alkoholika taldeak salatu du Madrilgo Udalak bere kontzertua debekatu izana adierazpena askatasunaren kontrako eraso "argia" dela, eta "sektore atzerakoienen botoak eskuratzeko saiakera" gisa ulertu du.
Horixe adierazi dute talde gasteiztarreko kideek Madrilgo Udalak larunbatean Vistalegre Jauregian ematekoa zuten kontzertua debekatu ostean egindako elkarrizketa batean.
Taldeak azpimarratu du Madrilen jotzen saiatuko direla berriro, haien eta "askatasunez" kontzertuetara "joan nahi duen jendearen" eskubidea delako.
1988an Arabako hiriburuan jaio zen musika taldeko kideek aitortu dute ez zutela espero egoera honetara iristea, beste batzuetan ere presioak jasan dituztelako, baina kontzertua debekatzera iritsi gabe.
"Aldi honetan espediente bat dago gure emanaldia debekatzeko, eta falazietan oinarritzen da. Besteak beste, emanaldiak istiluak eragin ditzakeela diote bertan, baina badakite Madrilen jo dugunetan edo beste edonon jo izan dugunetan ez dela liskarrik izan", azpimarratu du taldeak, egoera berri hau haien "adierazpen askatasunaren kontrako eraso argia" dela berretsi aurretik.
Talde arabarrarentzat, kontzertuen debekua ez da ohikoa mendebaldeko demokrazietan; izan ere, "diktaduretan ohikoagoa da". "Haien ohiko jokabidea da, eta litekeena da hauteskundeei begira egotea sektore zaharkituenen botoak jasotzeko eta, bide batez, haien alderdi politikoak justiziarekin dituen arazoak herritarrei ezkutatzeko", gaineratu du.
"Beti egon gara monarkien, bankari lapurren, faxisten, militarismoaren eta haiek babesten dituzten gauza askoren kontra. Hori da funtsean arazoa, eta denok dakigu. Ez zaie gustatzen eta ezin dute onartu jendeak ideia desberdinak adieraztea", azaldu dute.
Bestalde, taldeak iragarri du behin betiko geratu dela larunbateko kontzertua bertan behera, beste leku egokirik aurkitu ez dutelako. Ticketeak, Potencial Hardcorek eta bestelako banatzaileek, sarreren dirua itzuliko dute.